Masterchef Polonia Donostiako Miramar Jauregian grabatuko da

0

Masterchef Polska programa, Polonian dagoeneko hamar edizio daramatzana, Donostiara iritsi da hasi berri den denboraldiko finalerdia grabatzera, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission-arekin lankidetzan. Aukeratu duten agertokia Miramar Jauregia izan da eta haraino bertaratu dira Polonian TVN kateak eskaintzen duen programako lehiakideak eta epaileak. Parte hartzaileek euren sukaldaritza proposamenak aurkeztu dituzte Jauregiko terrazetan, atzealdean Kontxako badiaren ikuspegi paregabea zutela.

Grabaketaren hasieran, Ekonomia Bultzatzeko zinegotzia, Marisol Garmendia, agertu egin da lehiakideei zorte ona opatzeko eta taldeari ongietorri ofiziala emateko. Garmendiak adierazi du “besoak zabalik ditugula honelako ekoizpenei harrera emateko, tokiko ikus-entzunezko enpresentzat lan bolumen handia dakartelako. Masterchef Poloniak Donostia aukeratu du nazioarteko mailan puntako gastronomia duelako, beraz, programaren ikusleei helarazten zaien Donostiako irudiak gastronomiaren zaletuentzako helmuga turistiko moduan indartuko gaitu”.

Azken urteotan, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission-ari esker, areagotu egin dira Gipuzkoako hiriburua eszenatoki gisa aukeratu duten ikus-entzunezkoen ekoizpen garrantzitsuak, bai pelikulen artean (Woody Allen zuzendariaren ‘Rifkin’s Festival’), serieen artean (‘El Internado’, Movistar) edo publizitatearen esparruan ere (J&Bren iragarkia). San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission-ak, ekoizpenak lurraldera erakartzeko lan egiteaz gain, zerbitzuak eskaintzen dizkie Gipuzkoan grabatzea erabakitzen duten ekoiztetxeei. Masterchef Poloniak grabaketetarako agertokien artean (Gasteizen eta Oñatin ere grabatu dute eta finala Haron izango da) Gipuzkoako hiriburua aukeratzeko orduan kontuan hartu dira Donostiako ingurune gastronomikoaren garrantzia eta Miramar Jauregiaren edertasuna.