SPRI Taldeak handitu egin du digitalizazio, zibersegurtasun industrial eta adimen artifizialaren aplikazio arloetako laguntzen aurrekontua eta luzatu egin du eskaerak egiteko epea

0

Euskal enpresek denbora gehiago izango dute laguntzak eskatzeko digitalizaziorako, adimen artifiziala aplikatzeko eta zibersegurtasun industrialerako, luzatu egin delako programa horien irekiera-epea, gainera, handitu egin da euren aurrekontua.  Eskaerak SPRI Taldeak kudeatzen ditu, eskaera horiek egiteko epea zabalik egongo da urrira eta azarora arte, eta aurrekontu globala 9,6 milioi eurotik 11,6 milioiraino igo da.

Industria Digitala programarekin enpresen digitalizazioa bultzatu nahi da, EIKTak txertatuz enpresa industrialetan eta zerbitzuei loturikoetan, eta 5,1 milioitik 6,1 milioi eurora handitu da bere aurrekontua. Bestalde, eskaerak aurkezteko epea urriaren 22ra arte luzatu da.

Programa honek urtean 18.000 euroraino eskaintzen ditu enpresa bakoitzeko, diagnostiko-proiektuak egiteko edo/eta EIKTak ezartzeko. Proiektu horiek lantzen dituzten arloak dira: cloud zerbitzuetaranzko migrazioa, Big Data, errealitate birtuala, Smart factory, fabrikazio gehigarria, gamifikazioa, merkataritza elektronikoa edo telelana.

Zibersegurtasun industrialeko programaren  aurrekontua 2,5 milioitik 3,5 milioira handitu da, eta 18.000 eurorainoko itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak emango zaizkie zibersegurtasun arloko neurriak aplikatzen dituzten enpresa industrialei. Bere helburua da zibererasoen aurkako babesa sustatzea eta zibersegurtasuna lehiakortasun-abantaila gisa aprobetxatzea. Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 26an amaituko da.

Hona hemen diruz lagundu daitezkeen jarduerak: sistemen konbergentzia eta integrazioa IT/OT inguruneetarako, lantegietako ekipo industrialetarako urruneko sarbideen sekurizazioa, auditoretzak, kanpoko erasoen simulazioak, plantillaren kontzientziazioa, enpresa bakoitzaren egungo egoeraren diagnostikoa eta jardunbide egokiak barneratzeko edo ziurtagiriak eskuratzeko proiektuak.

Zibersegurtasun industrialeko 2021eko laguntzek proiektuaren hardware eta software gastuen %80 estaliko dute gehienez; eta aholkularitza edo/eta ingeniaritza gastuak proiektuaren %20 izan behar dira gutxienez. Dirulaguntzak %5 handiagoak izango dira euskararen erabilerako Bikain kalitate ziurtagiria zein Berdintasun plan bat duten edo euskarazko softwarea darabilten proiektuentzat.

Adimen Artifizialeko programak hiru milioi euro banatuko ditu (lehen 2 milioiko aurrekontua zuen), eta eskaerak aurkezteko epea azaroaren 26ra arte luzatuko da kasu honetan ere. Bere helburua da Adimen Artifizialeko teknologiak ezartzeko proiektuak babestea, laguntzak banatuz zerbitzu zein konponbide komertzialetan Adimen Artifiziala aplikatzeko proiektuei. Proiektu horiek frogatu beharko dute Adimen Artifizialeko algoritmoak erabiltzen dituztela Machine learning, Deep learning eta Ikusmen Artifiziala bezalako esparruetan.

100.000 eurorainoko itzuli beharrik gabeko laguntzak dira. Kontzeptu bakoitzerako dirulaguntzaren portzentajea %50ekoa izango da.

Adimen artifizialaren esparru desberdinei buruzko jakintza berriak eskuratzeaz gain, posible izango da hardware eta software berrien erosketa finantzatzea, eta baita ere aholkularitza, ingeniaritza eta antzeko zerbitzuen kostuak.

Azken helburua da negozioaren produktibitatea hobetzea datuen analisi aurreratuan oinarritutako erabakiak hartuz.