Donostiako Udalak Europako funtsetatik 24 milioi euro eskatu ditu

0
binary comment

Donostiako Udalak formalki eskatuko du Europar Batasuneko Next Generation funtsetatik datorren finantziazioa, mugikortasunarekin eta hiri garraioarekin lotutako berrikuntza proiektuak garatzeko, hirian emisio gutxiko guneak garatzeko eta turismo sektorea eraldatzeko eta modernizatzeko. Guztira, 24 milioi eurotik gorako finantziazioa eskatuko da 40 jarduera baino gehiago bultzatzeko, azpiegiturak eraldatu, zenbait alorretan digitalizazioa areagotu, eta aldaketa klimatikoan jauzi kualitatiboa emateko asmoz.

Eneko Goia alkateak eta Marisol Garmendia Bultzada Ekonomikoko zinegotziak gaur aurkeztu dituzte Mugikortasun eta Garraio Ministerioari eta Industria eta Turismo Ministerioari finantziazioa eskatzeko proiektuak. Donostiako Sustapenak batu ditu proiektu guztiak, beste udal atalekin lankidetzan (Mugikortasuna, dBus, Ekologia, Donostia Turismoa, e.a.).

dBusentzat autobus elektrikoak erosteko finantzaketa

Udalak eskatu duen lehen laguntza multzoan, emisio gutxiko eremuak ezartzera bideratutako mugikortasunaren arloko 18 jarduera jasotzen dira. Hala, Udalak Behe Emisioetarako Eremu bat ezartzea bultzatu nahi du, Parte Zaharra eta Zabalgunetik hasi, Mendeurrenaren plazatik eta Urumeako eremuetatik pasa, eta Pasealeku Berriraino iritsiko litzatekeena. Gainera, proiektu nagusi horretarako ekintza osagarriak planteatzen dira, hala nola, airearen kalitatea neurtzeko sentsoreak eta neurgailuak erostea, arau hausteak kontrolatzeko eta zehapenak kudeatzeko sistemak jartzea, informazio eta kudeaketa sistemak eskuratzea, edo lurpeko aparkalekuen elektrifikazioaren eragin ekonomiko eta teknikoak aztertzea.

Horrekin batera, dBusentzat autobus elektrikoak erosteko finantzaketa eskatuko du Udalak. Hala, funtsak eskatuko dira zero emisioko 19 ibilgailu erosteko (horietako 13, 12 metrokoak, eta beste 6, 18 metrokoak), eta horiek Udalaren garraio konpainiaren zati handi bat aldatuko dute. Halaber, zabor bilketarako bi kamioi elektriko erosteko dirulaguntza eskatuko da. Ildo horretatik, konpainiaren kotxetegiak elektrifikatu eta ibilgailu horiek kargatzeko azpiegitura finantzatzea proposatu du Udalak.

Oinezkoentzako eta irisgarritasunerako ibilbideak hobetzeko proiektuak

Jarduketa horiek guztiek 8.470.000 euroko dirulaguntza jasoko lukete gehienez, eta horri Udalak emandako beste lau milioi gehitu beharko litzaizkioke. Laguntzen bigarren kapituluan, oinezkoentzako eta irisgarritasunerako ibilbideak hobetzeko proiektuak eta jarduerak finantzatzea planteatzen da, bereziki Antiguako (Erregezaintza kalea eta Heriz pasealekua) eta Altzako (Jolastokieta eta Eskalantegi) igogailuak eraikitzeko. Horrez gain, laguntza ekonomikoa eskatzen da oraindik iritsi ez den eremuetara bizikletak alokatzeko zerbitzua zabaltzeko eta hobetzeko, garraio zerbitzu publikoak digitalizatzeko, joan-etorriak planifikatzeko tresnen bidez eta garraioaren informazioa denbora errealean hobetzeko, eta hiriko trafikoa modu adimentsuan eta iraunkorrean kudeatzeko.

Guztira, 5.600.000 euroko ekintzak eskatzen dira, eta horiei beste 500.000 euro gehitu beharko litzaizkieke, Udalaren diru kutxatik finantzatuak. Azkenik, Donostiak beste funts lerro bat ere aukeratu du, Málaga, Palma eta Las Palmasekin partekatutako proiektu bati esker, garraiobide publikoak hobetzeko eta geraleku adimendunak ezartzeko. Horretarako, 3.700.000 euro erabiliko dira.

Sektore turistikoaren modernizazioa

Turismo sailak 23 jarduera aurkeztu ditu, guztira 7 milioi euroko dirulaguntzak, eta Industria eta Turismo Ministerioaren aurrean defendatuko dira, Eusko Jaurlaritzak zuzentzen duen proiektu sortaren barruan.

Marisol Garmendia Sustapen Ekonomikoko zinegotzi eta bozeramaile sozialistak aurkeztutako proiektuen artean nabarmendu du Donostiatik igarotzen den Done Jakue Bideari balioa ematea, Iradi baserriaren inguruan begiratoki bat egokituz eta espaloia prestatuz Igeldoko hirigunearen eta kanpinaren artean.

Halaber, urtegia hustu ondoren, Artikutzako finkaren (biodibertsitatearen altxorra) jarduketa eta balio proiektua aurkeztu da. Europako finantziazio programetara planteatutako beste jarduera batzuk hauek dira: bus elektrikoaren zerbitzua abian jartzea hiriaren erdigunearen eta Illunbeko aparkalekuaren artean; turismoko autobus elektriko bat erostea; Turismo Bulegoa digitalizatzea eta Parte Zaharrean Wimax zuntz sarea hedatzea, denden garapen teknologiko eta digitala bultzatzeko; bisitari zein bertakoentzat zaldi esperientziak gozatzeko aukera Hipodromoan bideratzea; eta, azkenik, Talent House 2rako dirulaguntza bat bideratzea, alor turistikoaren parte den heinean. Proiektu horiek bultzatzeko 7 milioi euroko dirulaguntza eskatzen zaio bi ministerioei.