Euskadik bioekonomiaren aldeko apustua aurkeztu du LIGNA 2021ean

0

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako sailburuorde Bittor Orozek Ligna 2021-en parte hartu du gaur, egurraren industriaren munduko foroan. Aurrez aurreko eta online formatuko ekitaldi honetan, Euskadi bioekonomia zirkularraren alde egiten ari den urratsak azaldu ditu, bai eta ekonomia berdeago baterantz egiten ari den eraldaketa nola jorratzen ari den ere. Izan ere, zurak garrantzi handia izango du, Euskadin zuhaiztien azalerak lurraldearen %54 hartzen baitu, EBko ratio altuenetako bat.

Online jarraitu ahal izan den hitzaldian, Oroz sailburuordeak bioekonomiako eskualde-politikak garatzearen garrantzia azaldu du, enpresentzat eta Euskadikoa bezalako ekonomientzat irekitzen diren aukerak azpimarratuz. Hala, Eusko Jaurlaritzak 2016., 2017. eta 2018. urteetan arlo horretan egindako jardueren laburpen bat egin du, Europako hainbat herrialdetara bisitak eginez, hala nola Alemaniara eta Finlandiara, eta erreferentziazko jardunaldiak antolatuz, Europako zientzia, politika eta empresa ekimen garrantzitsuenak gonbidatuz. Azaldu duenez, lehen ekintza horien helburu nagusia Europako bioekonomia zirkularreko esperientziak bertatik bertara ezagutzea eta eskualde sare bat osatzea izan zen. Ekintza horien emaitzetako bat da Bioerregioen Aliantza eta Euskadik ekitaldi honetan duen presentzia.

Aipatutakoaz gainera, Oroz sailburuordeak Eusko Jaurlaritzak arlo horretan aurrera egiteko eman dituen beste urrats batzuk ere partekatu ditu, hala nola 2019an Bioekonomia Zirkularraren Ibilbide Orria abiaraztea, 2020an Bioeskualdeen Erraztegia sortzea edo 2021-2024 Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren Plan Estrategikoa egitea. Amaitzeko, hainbat euskal enpresen eskutik Euskadin garatzen ari diren bioekonomiako proiektuen adibide berritsuenak aurkeztu ditu.

Ligna egurraren industria eta egurraren eraldaketaren industria elkartzen dituen mundu mailako foroa da, eta Hannoverren ospatzen da (Alemania), modu presentzialean zein online. Erakusketa gunea eta Hitzaldi Birtualen gunea ditu, azken horretan kokatzen delarik Euskadiren partaidetza.