Urkulluk Museum Cementos Rezolaren «konpromisoa, bokazio profesionala eta kulturala» aitortu du

0
Fuente: Irekia.

Iñigo Urkullu lehendakaria, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolarekin batera, Museum Cementos Rezolaren berrinaugurazioan izan da.

Lehendakariak bere hitzaldian azpimarratu duenez, museo hau «nortasun berezia» duen erreferentziazko espazio «bitxia” da, Urkulluren ustez, «materiak» arte- eta arkitektura-sorkuntzan egindako ekarpenari balioa ematen dio. «Museo honek ikuspegi hori eskaintzen digu: artistek, arkitektoek edo espazio-eraikitzaileek euren sorkuntzak egiterako garaian zementua nola erabili duten», gaineratu du.

Halaber, Urkullu lehendakariak Rezola Zementuen Museoaren konpromisoa eta bokazio profesionala eta kulturala aitortu ditu. Ildo horretan, museoak industriaren ikuspegi kulturala eskaintzen duela azpimarratu du, ondarearen ikuspegi historikoa eta egungo diseinua bateratuz, artea eta arkitektura batuz. Gainera, hausnarketarako, sorkuntzarako eta ikerketarako gunea izateaz gain, ezagutza eta esperientziak sortzen dituen espazioa dela gaineratu du. “jardunbide berrietara, dibulgaziora eta hedapen kulturalera irekitako laborategia». Lehendakariak lan profesionaleko sareekin lankidetzan aritzea, hezkuntza-proiektuetan parte hartzea eta sortzaile eta artista gazteekin lan egitea ere nabarmendu ditu.

Añorgan ospatu den birinaugurazio ekitaldian, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olano, Donostiako alkate Eneko Goia, Batzar Nagusietako presidente Xabier Ezeizabarrena eta Gobernuaren ordezkari Denis Itxaso ere izan dira.

Ekitaldi instituzionala amaitu ondoren, Museum Cemento Rezolak dituen erakusketak bisitatu ahal izan dituzte bertaratutakoek.

Museum Cementos Rezola

Museum Cemento Rezola espazio paregabea da, 2000. urtean sortua Donostiako Añorga auzoan, zementua zer den, zer bilakaera izan duen eta material horrek azken mendean gizartearen garapenean izan duen garrantzia ezagutarazteko, bai eta gaur egun eta etorkizunean hiri jasangarriagoak sortzeko eman ditzakeen irtenbide berritzaileak ezagutzera emateko ere.

Museoak erakusketa iraunkorra eta publiko guztientzako aldi baterako erakusketak uztartzen ditu. Etengabean, bisitariak ibilbide anitz bat egingo du, eta esperimentuen, pantaila interaktiboen eta ikus-entzunezkoen bidez, materialaren sorreratik egungo errealitatera, ekoizpen-prozesuaren bilakaerara eta aplikazioen aldakortasunera iritsiko da.