Jokin Bildarratz 2021eko Kilometroak jaiaren antolatzaileekin elkartu da

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak bilera izan du gaur goizez Gipuzkoako Ikastolen aldeko Kilometroak festaren antolatzaileekin, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan. Bildarratz sailburua Kilometroak Elkartearen lehendakari Nekane Artolarekin eta idazkari Arantza Munduaterekin elkartu da, bai eta Ordizia, Beasain eta Lazkakoko ikastolen zuzendariekin ere, Marian Iturrioz, Tere Irastorza eta Xabier Maiza, hurrenez hurren.

2021eko Kilometroak Beasain, Lazkao eta Ordizian ospatuko da, igande honetan, urriaren 3an, “Batera, bagara, bat gara” leloarekin. Beraz, 43 urteren ondoren, Kilometroak jaio zen lekura bertara –Gipuzkoako Goierrira- itzuliko da berriro ere aurten.

Pandemia garaian egiten ari diren ikastolen aldeko gainerako festen moduan, Covid-19ri aurre egiteko hartu beharreko neurri guztiak aintzat hartuta burutuko da Kilometroak 2021 ere. Horrela bada, guneren bateko jardueraren batean parte hartu nahi duen orok, izena eman beharko du aurrez, Internet bidez. Dena den, hiru herriak lotuko dituen zirkuitoa irekia izango da oraingoan.

Kilometroak jaiaren arduradunek aurtengo jaiak izango dituen ezaugarrien berri eman diote sailburuari, asteburu honetaz harago urtean zehar antolatzen ari diren gainerako jarduerekin batera. Bildarratz sailburuak igandean bertan izango dela jakinarazi die antolatzaileei.