Osakidetzako Galdakao-Usansoloko Ospitaleak Psikiatriako pazienteentzako terraza estreinatu du

0
EITB

Espazio berriari esker, aire zabaleko tratamenduak eskain dakizkieke zerbitzu horretako pazienteei.

Gaur jarri da martxan Psikiatriako Zerbitzuaren terraza berria; Osakidetzako Galdakao-Usansoloko Ospitaleko hirugarren solairuan dago, eta haren helburua da unitate horretarako pazienteei aire zabaleko baliabide bat eskaintzea. Azterlan ugarik nabarmentzen dute naturak nolako eragina duen osasunean eta, zehazki, osasun mentalean.

Orain arte, Psikiatriako pazienteak zerbitzuko profesionalek lagunduta baino ezin ziren irten paseatzera. Gaurtik aurrera, 44 metro koadroko espazioa izango dute; bertan, beiraz hornitutako sabaia dago, eta ireki egin daiteke, eta leihoek eguzki-iragazkia daukate.

Espazio horretan, zenbait jarduera egingo dira, paziente-kopuru mugatuarekin txanda bakoitzeko, eta betiere pertsonal sanitarioak lagunduta. Adibidez: pazienteen bilera terapeutikoak eta psikohezitzaileak, terapia sozialaren eta okupazionalaren trebetasunak lantzekoak; besteak beste, lorezaintzarako aukera sartu da. Horiez gain, ingurune adeitsuagoan egiten ziren lanak egitea, aisialdiko beste jarduera batzuk eskaintzea, erlaxatzekoak eta birsozializaziokoak; izan ere, gure ustez, ingurune horretan elkarrenganako laguntzarako eta elkarrizketarako bide emango da edo, besterik gabe, atseden hartzeko leku gisa erabiliko da.

Proiektu hau Psikiatria Zerbitzuaren Humanizazio Planaren baitakoa da, zeina, aldi berean, Barrualde-Galdakaoko ESIaren planera biltzen den. Azken urteotan beste ekimen batzuk jarri ditu abian, hala nola zerbitzuaren barruko gimnasioa, gosari osasungarriak edo tabakoa desagerraraztea bere instalazioetan.

Era berean, ekimen honek laguntzen du gaixotasun mentalaren beraren zein osasun mentaleko zentroen estigmaren aurkako borrokan; sarritan, eremu ezatsegintzat hartzen direnak, benetan halakoak izan ez arren.