‘Euskal emakume zinemagileak I’ zikloak abiatuko du Euskadiko Filmategiaren programazio egonkorra Artium Museoan

0

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak; Ramiro González, Arabako diputatu nagusiak; Beatriz Herráez, Artium Museoko zuzendariak; Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari orokorrak; Miguel Zugaza, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak; Isabel Herguera, Euskal emakume zinemagileak I zikloaren kartelaren egileak, eta Joxean Fernández, Euskadiko Filmategiko zuzendariak parte hartu dute Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak (Artium Museoa) eta Euskadiko Filmategiak sinatutako lankidetza hitzarmena aurkezteko astelehena urriak 4 Artium Museoan izan den prentsaurrekoan. Akordio horri esker, zentro arabarra Euskadiko Filmategiaren programazioaren egoitza egonkorra izango da aurrerantzean. Bi erakundeen arteko kolaborazioa urriaren 14an abiatuko da Euskal emakume zinemagileak I zikloarekin, zeinaren baitan bederatzi euskal emakume zinemagileren lanak ikusi ahal izango diren abendura bitartean. Era berean, Elías Querejeta Zine Eskolarekin lankidetzan zikloari keinu egingo dion emanaldi berezi bat antolatu da azaro amaierarako.

Euskadiko Filmategiaren patronatua Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak osatzen dute. Erakundea 1978an sortu zen eta bere helburua zinemaren ikuspegitik interesgarriak diren filmak eta ikus-entzunezko lanak ikertzea, berreskuratzea, artxibatzea, gordetzea eta erakustea da, betiere, euskal zinemari arreta berezia eskainita. Filmategiak 2015ean ekin zion programatzeari Donostian, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentrora lekualdatu zuenean bere egoitza, hain zuzen. Gaur egun, kulturgune donostiarreko partekatutako pantaila osatzen duten erakundeetako bat da. 2018an Bilboko Arte Ederren Museora eraman zituen bere zikloak, euskal zinemaren ondarea hauspotzeko eta zabaltzeko asmoarekin hainbat alditan kolaboratu ondoren. 2021ean Gasteizera jauzi egingo du, Artium Museoarekin sinatutako hitzarmendari esker. Erakundearen programazioa lurralde arabarrera iristeak nahi historiko bat aseko du, Arabako Foru Aldundia Filmategiaren patronatuko kidea baita 2005az geroztik.

Hala, Euskadiko Filmategiak bere ezarpena indartuko du Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan. Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ondare zinematografikoa zaintzeaz arduratzen da erakundea, eta orain, gainera, bere zikloak programatuko ditu Artium Museoan, Bilboko Arte Ederren Museoan eta Tabakaleran.

Euskal emakume zinemagileak I

Euskadiko Filmategiaren programazioak euskal zinemari eskaini ohi dio urteko azken hiruhilekoa. Oraingo honetan, proposatutako zikloak berezitasun nabariak ditu. Proposamena gutxienez hiru urtetan zehar garatuko da, eta beren ibilbideetan gutxienez film luze bat grabatu duten euskal emakume zinemagileen talentua agerian jarri nahi du. Hainbat urtetarako izango den zikloarekin bat etorrita, María Pilar Rodríguez irakaslea koordinatzen ari den argitalpena aurkeztuko da laster. Isabel Herguera zinemagileak sortu eta gauzatu du zikloaren kartela.

Hau da filmen zikloa osatzeko egin den komisariotza-proposamena: zinemagile bakoitzak libreki hautatuko du bere film guztien artean zein erakutsi nahi duen, eta jendaurrean aurkezteko eta publikoarekin eztabaidatzeko gonbita egingo zaio. Lehen denboraldi honetan gure zinemaren aitzindarietako batzuk izango dira protagonista. Hala, honako hauek ikusteko aukera izango dugu: Urte ilunak (Arantxa Lazkano, 1992), Euskal Herriko errepresio frankistarako hurbiltze poetikoa; eta gai berberari lotuta, Denboraren gibelean (Mirentxu Purroy, 1993), haurren begiradatik eta euskararen jazarpenetik bideratutako filma. Beste hiru dokumental oraindik bizirik dauden arazoetara hurbiltzen dira: gerra zibilari eta diktadura frankistari buruzko memoria zinematografikoa Kamarada filmean (Julia Juániz, 2019); indarkeriak tentsioan jarritako Euskal Herri batean emakumeen bakearen aldeko apustu irmoa Mariposas en el hierro filmean (Bertha Gaztelumendi, 2012); edo errefuxiatuen ezbeharra Helena Tabernak filmatutako Europa mesfidati baten atarian (Varados, 2019). Lehen denboraldi honetako eskaintzaren aniztasunaren adibide, hauek izango ditugu ikusgai: Bernardo Atxagaren egokitzapen literarioa, Aizpea Goenaga zuzendariaren eskuetan gatazka politikoaren oihartzunak hartu dituena (Zeru horiek, 2005); haurtzaroko lagunen bilera bati buruzko komedia bat (Erlauntza, Mireia Gabilondo, 2020); Kolonbiako indarkeriara hurreratze bat Ana Díezen eskutik (Todo está oscuro, 1997), eta Maite Ruiz de Austrik zuzendutako haurrentzako animazioa, balioetan hezteko asmoa duena (Lucius Dumben berebiziko bidaia, giza eskubideak dira zure tresnarik onena, 2013).

Emanaldi berezia

Amaitzeko, hiruhileko honetan Euskadiko Filmategiak Elías Querejeta Zine Eskolarekin lankidetzan saio bere bat antolatu du, Euskal emakume zinemagileak I zikloarekin koherentzia berezia izango duena: Carole Roussopoulos eta Ioana Wieder «intsumusa» eta feministen bi film, frankismoaren aurkako borrokan euskal emakumeek izan zuten protagonismoa ardatz dutenak  (Les mères espagnoles eta La marche des femmes à Hendaye, 1975).

Sarrerak

Zinema emanaldietarako sarrera 3,50 euro kostako da. Gasteizen eta Bilbon, museoko leihatilan edota erakunde bakoitzaren webgunean (www.artium.eus eta www.museobilbao.com) erosi daitezke sarrerak; 2 euroko balioa izango dute Museoaren Lagunentzat eta doan izango dira 25 urtetik beherakoentzat (museoko leihatilan jaso behar dira sarrerak). Donostian, Tabakalerako Informazio Puntuan, zineko leihatilan (emanaldia hasi baino 30 minutu lehenago) eta interneten (sarrerak.tabakalera.eus) egongo dira salgai, eta %10eko deskontua izango dute Tabakalera edota Donostia Kultura txartelak dituzten ikusleek.

EGITARAUA

Zikloa / EUSKAL EMAKUME ZINEMAGILEAK I 

Antolatzailea: Euskadiko Filmategia.

Kolaboratzaileak: Artium Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa eta Tabakalera.

2021/10/14 (19:00) [GASTEIZ: Artium Museoa>Emanaldi aretoa]

2021/10/15 (19:00) [DONOSTIA: Tabakalera>Zinea]

2021/10/16 (19:00) [BILBO: Bilboko Arte Ederren Museoa>Auditoriuma]

URTE ILUNAK (Arantxa Lazkano, 1992). Espainia. JBAES. 92’.

2021/10/21 (19:00) [GASTEIZ: Artium Museoa>Emanaldi aretoa]

2021/10/22 (19:00) [DONOSTIA: Tabakalera>Zinea]

2021/10/23 (19:00) [BILBO: Bilboko Arte Ederren Museoa>Auditoriuma]

VARADOS (Helena Taberna, 2019). Espainia. JBAES. 72’.

Aurkezpena (Gasteiz+Donostia+Bilbo): Helena Taberna (filmaren zuzendaria).

2021/10/28 (19:00) [GASTEIZ: Artium Museoa>Emanaldi aretoa]

2021/10/28 (19:00) [DONOSTIA: Tabakalera>Zinea]

2021/10/30 (19:00) [BILBO: Bilboko Arte Ederren Museoa>Auditoriuma]

MARIPOSAS EN EL HIERRO (Bertha Gaztelumendi, 2012). Espainia. JBAES. 61’.

Aurkezpena (Donostia+Bilbo): Bertha Gaztelumendi (filmaren zuzendaria).

2021/11/04 (10:00) [GASTEIZ: Artium Museoa>Emanaldi aretoa]

2021/11/04 (10:00) [DONOSTIA: Tabakalera>Zinea]

2021/11/05 (10:00) [BILBO: Bilboko Arte Ederren Museoa>Auditoriuma]

LUCIUS DUMBEN BEREBIZIKO BIDAIA, GIZA ESKUBIDEAK DIRA ZURE TRESNARIK ONENA (Maite Ruiz de Austri, 2013). Espainia. JBEU. 93’.

Aurkezpena (Donostia+Bilbo): Maite Ruiz de Austri (filmaren zuzendaria).

2021/11/11 (19:00) [GASTEIZ: Artium Museoa>Emanaldi aretoa]

2021/11/11 (19:00) [DONOSTIA: Tabakalera>Zinea]

2021/11/12 (19:00) [BILBO: Bilboko Arte Ederren Museoa>Auditoriuma]

KAMARADA (Julia Juániz, 2019). Espainia. JBES. 71’.

Aurkezpena (Bilbo): Julia Juániz (filmaren zuzendaria).

2021/11/18 (19:00) [GASTEIZ: Artium Museoa>Emanaldi aretoa]

2021/11/19 (19:00) [DONOSTIA: Tabakalera>Zinea]

2021/11/20 (19:00) [BILBO: Bilboko Arte Ederren Museoa>Auditoriuma]

DENBORAREN GIBELEAN (Mirentxu Purroy, 1993). Espainia. JBAES. 62’.

Aurkezpena (Donostia): Mirentxu Purroy (filmaren zuzendaria).

2021/12/02 (19:00) [GASTEIZ: Artium Museoa>Emanaldi aretoa]

2021/12/03 (19:00) [DONOSTIA: Tabakalera>Zinea]

2021/12/04 (19:00) [BILBO: Bilboko Arte Ederren Museoa>Auditoriuma]

ZERU HORIEK (Aizpea Goenaga, 2005). Espainia. JBAES. 87’.

Aurkezpena (Gasteiz+Donostia+Bilbo): Aizpea Goenaga (filmaren zuzendaria).

*Kolaborazioa: RTVE.

2021/12/09 (19:00) [GASTEIZ: Artium Museoa>Emanaldi aretoa]

2021/12/10 (19:00) [DONOSTIA: Tabakalera>Zinea]

2021/12/11 (19:00) [BILBO: Bilboko Arte Ederren Museoa>Auditoriuma]

ERLAUNTZA (Mireia Gabilondo, 2020). Espainia. JBAES. 92’.

Aurkezpena (Donostia): Mireia Gabilondo (filmaren zuzendaria).

2021/12/16 (19:00) [GASTEIZ: Artium Museoa>Emanaldi aretoa]

2021/12/17 (19:00) [DONOSTIA: Tabakalera>Zinea]

2021/12/18 (19:00) [BILBO: Bilboko Arte Ederren Museoa>Auditoriuma]

TODO ESTÁ OSCURO (Ana Díez, 1997). Espainia-Kolonbia-Portugal-Kuba. JBES. 97’.

Aurkezpena (Gasteiz+Donostia+Bilbo): Ana Díez (filmaren zuzendaria).

Emanaldi berezia / LES MÈRES ESPAGNOLES+LA MARCHE DES FEMMES À HENDAYE

Antolatzaileak: Euskadiko Filmategia eta Elías Querejeta Zine Eskola.

Kolaboratzaileak: Artium Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa eta Tabakalera.

2021/11/25 (19:00) [GASTEIZ: Artium Museoa>Emanaldi aretoa]

2021/11/26 (19:00) [DONOSTIA: Tabakalera>Zinea]

2021/11/17 (19:00) [BILBO: Bilboko Arte Ederren Museoa>Auditoriuma]

LES MÈRES ESPAGNOLES+LA MARCHE DES FEMMES À HENDAYE (Carole Roussopoulos eta Ioana Wieder, 1975). Frantzia. JBAES. 89’.

Aurkezpena (Donostia): Arantza Santesteban (zinemagilea eta ikertzailea) eta Ros Murray (ikertzailea).