Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, iraila oso beroa eta hezea izan da

0

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, iraila oso beroa izan da, eta Euskadin batez besteko tenperatura aldi normaleko ohikoa baino 1,4 °C altuagoa izan da. Horren ondorioz, itsasertzean uda baino beroagoa izan da. Bestalde, hilabetea hezea ere izan da, eta ekaitz zaparradek hainbat errekor utzi dituzte XXI. menderako, prezipitazioaren intentsitateari dagokionez.

Euskalmeten arabera, iraileko batez besteko tenperatura 1981-2010 aldi normaleko batez besteko tenperatura baino 1,4 °C altuagoa izan da. Batez besteko tenperatura Arabako Lautadan 17-18 ºC ingurukoa izan da eta itsasertzean 20 ºC ingurukoa, hau da, uztailean eta abuztuan erregistratutakoa baino ia gradu bat altuagoa. Mende honi dagokionez, aurtengo iraila seigarren irail beroena izan da, eta beroena 2006koa izan zen.

Datu bitxi gisa nabarmendu behar da egunik beroena, irailaren 6a, uda astronomikoko egunik beroena izan zela kantauri isurialdean. Hilabetea beroa izan bada ere, intsolazioa espero zena baino baxuagoa izan da, % 6-12 baxuagoa, alegia. Salbuespena mendebaldeko itsasertza izan da, eremu horretan zertxobait altuagoa izan baita.

Prezipitazioari dagokionez, irailean jaso den prezipitazio-kopurua kontuan hartuta, hilabetea Euskadi osoan hezea izan dela adierazi behar da, nahiz eta ekaitzen berezitasuna dela-eta aldeak dauden Euskadiko geografian barrena. Horrela, iraila oso hezea izan da Urola Kosta eskualdean, Arabako kantauriar isurialdean eta Arabako Errioxan, eta Goierri hegoaldean eta Arabako Haranen hegoaldean, berriz, lehorra. Orokorrean, XXI. mendeko hirugarren irail euritsuena izan da, 2009koaren eta 2004koaren atzetik.

Bestalde, euri-egunen kopuruari dagokionez, normalaren gainetik kokatu da: 12 euri-egun izan dira itsasertzean eta 7 gainerako lurraldean. Horrela, nabarmenena prezipitazio handiei loturiko egoerak izan dira, eta bai ordubetean bai 10 minutuan izandako prezipitazioaren intentsitatean XXI. mendeko aurreko errekorrak hautsi dira Euskalmeten estazio askotan. Gainera, horietako batzuetan iraileko errekorrak ez ezik, urteko hilabete guztietakoak ere hautsi dira.

Muturreko egoerei dagokienez, Segurtasun Sailak guztira 10 abisu hori aktibatu ditu, eta horietako 7 prezipitazio handiengatik, 2 tenperatura altu iraunkorrengatik eta 1 sute arriskuagatik.