480.000 euro ekipamendu zientifokoa eskuratu eta neurobiozientzien eremuan bikaintasuneko ikerketari bultzada emateko

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, bi dirulaguntza zuzen ematea BCBL eta Achucarro bikaintasuneko ikerketa zentroei. Orotara 479.684 euroko kopurua egiten duten laguntza hauek, Neurobiozientzien eremuan egiten duten ikerketa lanerako ekipamendu zientifikoa eskuratzeko erabili beharko dituzte aipaturiko bi ikerketa zentroek.

Dirulaguntza hauek Hezkuntza Sailaren Ikur 2030 Estrategiaren baitan kokatzen dira. Estrategia honen helburua da Euskadiko sare zientifikoa indartzea eta nitxo zehatzetan nazioarteko posizionamendua lortzea. Horrela bada, lau ikerketa-eremu estrategikoren aldeko apustu sendoa egiten du estrategiak: Teknologia Kaultikoak; Neutrionikoa; Superkonputazioa eta Adimen Artifiziala; eta Neurobiozientziak. Achucarro eta BCBL bikaintasuneko ikerketa-zentroei emandako laguntzak azken eremu honen aldeko apustuan kokatzen dira.

Gaur onarturiko laguntzak honela banatzen dira, eta ondoren azaltzen den ekipamendua eskuratzeko:

399.684 euro Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroari, beste mikroskopio konfokal bat eskuratu eta horrela Euskadiko EuroBioImaging nodoa indartzeko.

Mikroskopiak Achucarroren ikerketa jardueran duen garrantzia aintzat hartuta, ikerketa zentro honek beste mikroskopio konfokal bat eskuratzeko premia du, lehendik daukanaren osagarri izango dena. Super-bereizmen teknologia garatzen duen eta laginak eskala nanometrikoan behatzea ahalbidetzen duen mikroskopioaz ari gara. Mikroskopio berri hau, balio erantsia izango da zentro honetako azpiegitura erabiltzen duten ikertzaile guztientzat, bai bertako ikertzaileentzat, bai euskal unibertsitate ekosistemako gainerako ikerketa taldeentzat. Era berean, erosketa berriak Achucarro ikerketa zentroari aukera emango dio kide den EuroBioImaging sare europarrean hobeto kokatzeko, bai eta Euskadin Neurobiozientzien ikerketari indar berria emateko ere.

Leioako Zientzia Parkean kokaturik dagoen Achucarro Basque Center for Neuroscience zentra Hezkuntza Sailaren menpeko BERC zentro bat da (Basque Excellence Research Centre). Garuneko gaixotasunetarako terapia berriak aurkitzeko biologia neuro-glialeko oinarrizko ikerketa translazionalean dihardu lanean.

80.000 euro BCBL-Basque Center on Cognition, Brain and Language zentroari, bertako Eye Tracking Laborategiari bultzada emateko.

Laguntza honen helburua da BCBLren Eye Traking Laborategiari bultzada ematea da, bertako ekipamendu zientifikoa eguneratu eta berrituta. BCBL-k laguntza honi esker eskuratuko duen ekipamenduak aukera ematen du irakurketa-lanetan edo irudiak eta bideoak prozesatzearen azpian dauden prozesu mentalak ikertzeko, eta, horrela, prozesu kognitiboak ikasi ahal izateko, hala nola arreta, memoria, arazoen konponbidea edo hizkuntza. Teknika hori bereziki baliagarria da irakurketaren azterketarako; izan ere, irakurlearen begirada hitz bakoitzean finkatzeko denborari buruzko informazioa lortzeko aukera ematen du. Era berean, esaldi bat irakurtzeko erabiltzen den sekuentzia, denbora gehien behar duten zatiak eta ezagutzen ez diren hitzak identifikatzeko aukera ematen du.

Begi-mugimenduen jarraipena egiteko laborategiko ekipamendua eguneratzeak aukera emango dio BCBLri ikerketa arlo honetan abangoardian jarraitzeko, bai teknologian eta bai ezagutzan.

BCBL  (Basque Center on Cognition, Brain and Language) Hizkuntzaren Neurozientzia kognitiboaren arloan ari den bikaintasuneko ikerketa zentroa da (BERC), eta Donostian du egoitza. Honako ildo hauek ikertzera bideratuta dago bereziki:

– Hizkuntza, irakurketa eta garapenaren nahasmenduak

– Eleaniztasuna eta bigarren hizkuntzaren ikaskuntza

– Neurodegenerazioa, kalte zerebrala eta zahartze osasuntsua