Arantxa Tapiak Industrian jarri du susperraldi ekonomikoaren lidergoa

0

Makina-erremintaren Europako azokarik garrantzitsuenaren itzulera, EMO 2021, nazioarteko enpresa-jardueraren suspertzearen erakusgarririk nabarmenena da. 24 euskal enpresa daude Milango EMOn, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, Arantxa Tapia sailburua buru duela, Euskadiko makina-erremintaren presentzia lagundu eta bultzatu nahi izan du nazioarteko hitzordu honetan.

Era berean, sailburuak pandemia garai guzti honetan industriak izan duen papera eskertu nahi izan du. Tapiak irmo adierazi du “orain egiaztatzen dugun susperraldiaren zati handi bat Industriaren meritua dela eta Industriari zor diogula”. Industria Produkzioaren Indizeak aurten izan duen % 13ko hazkunde metatua, esportazioen susperraldi bikaina eta lan-merkatuaren hobekuntza dira aipatutako datuetako batzuk.

Tapiak gogorarazi duenez, industriak oraindik “zauriak” eta ondorioak ditu covid-aren krisiaren ondorioz, baina “dagoeneko Milanen dago nazioarteko deiari erantzunez, bezeroak zainduz eta Euskadin aberastasuna eta enplegua eskainiz. Azken hilabete eta asteetan ziurgabetasuna izan den arren, 25 enpresa daude hemen, Milanen, dagozkien standekin eta merkataritza-agenda oso biziarekin”.

EMO MILANO 2021ak, urriaren 4tik 9ra bitartean egingo den azokak, 34 herrialde ezberdinetako 700 enpresa hartzen ditu. Atzerriko erakusketarien presentzia guztizkoaren % 60 inguru da. Ordezkari gehien dituzten herrialdeak Italia, Alemania, Taiwan, Suitza, Espainia, Japonia, Frantzia, Hego Korea eta Estatu Batuak dira. Euskadi da, zalantzarik gabe, estatuko makina-erremintaren erreferentzia garrantzitsuena, Milanen presentzia duten estatuko 34 enpresetatik 25 euskaldunak bait dira.

Arantxa Tapia sailburuarekin batera, Aitor Urzelai SPRI Taldeko zuzendaria eta Mikel Amundarain Industriako sailburuordea egon dira, Euskadiko industriaren eta ekonomiaren motorra den sektore honetan eta Industria 4.0 estrategiaren digitalizazioarekin eta garapen teknologikoarekin duten konpromisoagatik nabarmentzen den euskal ordezkaritzari laguntzen.

Erakusketa-eskaintzaren barruan metalen konformazioa eta mozketa, robotika, automatizazioa, erremintak, osagarri auxiliarrak, mekatronika edo teknologia aditiboak sartzen dira, 100.000 metro koadroko azaleran. Azokak 3.500 makina jarri ditu erakusgai, 500 milioi eurotik gorako balioa dutenak.

Makina-erremintaren AFM klusterraren datuen arabera, sektorea 2020ko azken bi hilabeteetako dinamismo berarekin jokatzen ari da aurten. Eskaerak 2018koak baino handiagoak dira, batez ere fresaketan. Merkatuei dagokienez, Txina asko hazi zen iaz, eta Europan Italia eta Alemania nabarmentzen dira. Kezka lehengaien prezioa eta garraio-mugak dira. Urtarriletik abuztura, Estatuan makina-erremintaren eskaerak 687.000 milioi eurotik gorakoak izan dira.