Ertzaintzak Itsas-Lagun, basea Pasaiako portuan izango duen eta zaintza eta erreskaterako izango den erabilera anitzeko itsasontzi berria estreinatu du

0

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua zaintza eta erreskate lanetarako Ertzaintzaren Itsas-Lagun erabilera anitzeko ontzi berriaren estreinaldian izan da gaur goizean. Kabinadun ontzi zurrun bat da, eta 12 metroko luzera eta 3,5 metroko erruna ditu. Ontziaren balioa 319.000 eurokoa da, eta Ertzaintzak itsasertzean nahiz barne-uretan lan egiteko dituen beste zortzi ontziei batuko zaie: Itsas-Zain, Itsas-Argi, Hurricane, Mariner, Zodiac motako ontziak, etab. Gutxienez patroi bat eta bi marinel izango ditu, eta 300 zaldiko karelez kanpoko bi motor eta itsasoan 12 miliataraino barneratzeko behar adinako autonomia ditu.

Ontzia Ertzaintzaren ontzidia eguneratzeko eta modernizatzeko prozesuaren esparruan eskuratu da. Itsas-Lagun ontzia Pasaiako portuan amarratuko da, eta Itsas-Argi ontziaren antzeko ezaugarriak ditu. Bigarren ontzi hori 2019an eskuratu zen eta basea Santurtziko portuan du.

Sailburuarekin batera izan dira ontziaren estreinaldian Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea, eta Erreskate Unitateko hainbat agintari eta agente.

Uretako erreskateak Euskadin

Itsas-Lagun ontzia Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko Uretako Atalak erabiltzen dituen ontziei batuko zaie. Ontzietan 40 pertsonak lan egiten dute, eta horien artean daude patroiak, ontzien mekanikariak, urpekariak, etab.

Iaz, adibidez, taldeak 204 mobilizazio egin zituen. Horietako 38 biktima arriskuan zegoela uretan egindako erreskateak izan ziren. Era berean, talde honek Ertzaintzaren uretako laguntza eskatu zuten 100 kirol-probatan lagundu zuen. Polizia-alderdiari dagokionez, Ertzaintzako uretako baliabideek prebentziozko 43 polizia-jarduketatan eta polizia-ikerketen ondorio ziren edo planifikatuta zeuden 23 operatibotan parte hartu zuten.

Taldeak egiten duen lanari dagokionez, aipatu behar da ohikoa dela erreskateen esparruan aireko eta uretako baliabideak bateratzea. Iaz aireko eta uretako atalek 23 jarduketa bateratutan batu zituzten indarrak baliabideak optimizatzeko.

2021eko lehenengo seihilekoan Uretako Atala jada 25 aldiz mobilizatu dute uretako erreskateetan. Kirol-probei dagokienez, berriz, 86tan parte hartu du. Horrez gainera, prebentziozko 13 polizia-jarduketa egin ditu, eta beste 27 polizia-operatibo. Horrek esan nahi du 2021eko lehenengo sei hilabete hauetan bakarrik gainditu direla iazko urte osoan egindako 23ak.