Bilbao Bizkaia Beer Meeting-ek bertako eta nazioarteko 70 enpresa ekoizleren azken proposamenak ekarri ditu Bilbora

0

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak, Bittor Orozek hasiera eman dio arratsaldean BILBAO BIZKAIA BEER Meeting 2021 azokaren barruan egingo den Garagardo Azokari, La Salvek eta Barcelona Beer Festivalek antolatuta.

Azoka asteburu honetan ospatuko da Bilboko Euskalduna Jauregian, eta bertako eta nazioarteko 70 enpresa ekoizlek baino gehiagok egindako garagardo-proposamenak ikusi ahal izango dira bertan. Euskal Garagardogileen Elkarteak ere presentzia nabarmena izango du eta bertako garagardoa izango da protagonista.

Bilbao Bizkaia Beer Meeting 2021ean antolatu den garagardo-topaketa handiena da, eta gaur goizean hasi da garagardoaren profesionalak eta sektoreko balio-kateko ordezkariak bildu dituen topaketa profesional batekin.

Kongresuan, sektorean Europa mailan dauden joera berriak aztertu eta zabaldu dira; eta jasangarritasuna gastronomiarekin eta berrikuntzarekin batera integratzeko ardatz gisa eztabaidatu da.

Garagardo ekoizleek, ostalaritza sektorerako garagardo banatzaileek, elikadura banatzaileek eta elkarte sektorialek parte hartu duten jardunaldian zehar egin diren 4 mahai-inguruetan hurrengo gaiak jorratu dira: lehenengoa, lehengaiei, zero kilometroari eta berrikuntzari buruzkoa; bigarrena, ostalaritzari, gastronomiari eta turismoari buruzkoa; hirugarrena, kontsumitzaileari eta joera berriei buruzkoa; eta laugarrena, garagardoari, kulturari eta gizarteari buruzkoa.

Bilbao Bizkaia Beer Meeting-en helburua estatu mailan garagardogintzaren balio-katearen urteroko topagunea izatea da. Ekitaldiak irauten duen hiru egunetan 275 parte-hartzaile izango dira balio-katearen kongresu profesionalean eta 4.000 bisitari Europako 40 garagardotegitako garagardoak dastatu ahal izateko.