Eusko Jaurlaritzak zuhurtzia eskatzen du errepidean jai zubian

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Urriaren 12ko zubian mugikortasuna areagotuko dela aurreikusita, Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak zuhurtzia areagotzeko eskatu die gidariei datozen jai-egunotan.

Gaurtik hasita, asteartera, urriaren 12ra, bitartean Euskadiko errepide-sarean areagotu egingo dira joan-etorriak, bai barnekoak bai Estatuko beste leku batzuetarakoak. Arretaz gidatzea gomendatzen da batez ere Armiñongo lotunean, Araban (lehengo AP-1 eta A-1 errepideak lotzen diren lekuan), Iparralderako mugan AP-8an eta Kantabriako mugan A-8an.

Azken puntu horretan guztira 220.000 joan-etorritik gora izango direla espero da, beste urte batzuetan, 2017an, 5 eguneko zubia izan zenean gertatu zenaren antzera. Iaz, aldiz, jai-zubiko 4 egunetan ia 175.000 joan-etorri erregistratu ziren, 2019an baino % 19 gutxiago.

Iparralderako mugan, AP-8an, Biriatun, 2020an 85.750 joan-etorri erregistratu ziren zirkulazioaren bi noranzkoetan, 2019an baino % 2 gutxiago. Aurten, zubian egun bat gehiago izanda, 110.000 bat joan-etorri izatea espero da.

Bestalde, Armiñongo lotunean 2020an ia 114.000 joan-etorri erregistratu ziren, 2019an baino % 5 gutxiago. Aurtengo, 2021eko, 5 eguneko zubian litekeena da 125.000 joan-etorritik gora izatea.

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak bideko elkarbizitza lasai eta errespetuzkorako deia egin du berriz ere istripuak saihesteko: “Euskadiko errepide-sarean egun hauetan joan-etorriak areagotu egingo direla ikusiko dugu, eta horren aurrean berebiziko garrantzia du zuhurtzia, ardura eta arreta osoz gidatzeak, oporretako irteera eta itzulera ezustekorik gabe egin ahal izateko. Gogoan izan behar dugu errepidean arreta galtzeak ondorio larriak izan ditzakeela”.

Istripuen tasa

Iaz, zubiko 4 egunetan (urriaren 9tik 12ra bitartean) Ertzaintzak guztira 98 trafiko-istripu erregistratu zituen Euskadiko errepideetan, eta hildakorik izan ez zen arren, guztira 2 zauritu larri izan ziren.

2019an asteburu soila izan zen (urriaren 10etik 13ra) eta istripu gutxiago (62) gertatu ziren arren, bi pertsona hil ziren eta beste 8 larri zauritu ziren.

Aurtengo urtearen parekoa 2017koa izan zen. Urte hartan, aurten bezala, 5 jaieguneko zubia izan zen, eta 90 istripu gertatu ziren eta 8 pertsona larri zauritu ziren eta ez zen hildakorik izan.

Gomendioak:

Bidaiari hasiera eman aurretik:

  • Garrantzitsua da errepideen egoerari buruzko informazioa izatea. Eusko Jaurlaritzak trafikoaren egoerari buruzko denbora errealeko informazioa ematen du honako baliabide hauen bidez: trafikoa.eus webgunea, @trafikoaEJGV Twiter kontua, TrafikoaEJGV APPa eta arreta 24 orduetan ematen duen 011 telefono-zenbakia.
  • Komeni da eguraldiaren aurreikuspenak www.euskalmet.euskadi.eus webgunean jarraitzea eta bidaia horren arabera planifikatzea. Eguraldi txarrarekin zuhurrago ibili behar da, abiadura moteldu behar da eta tarte handiagoa utzi behar da aurretik doazen ibilgailuekin. Euria egiten duenerako, pneumatikoak eta beira-garbigailuak egoera onean izan behar dira, istripuak saihesteko.
  • Drogak, alkohola eta botika batzuk ez dira bateragarriak gidatzearekin.
  • Ez da arretarik galdu behar, hildakoak edo zauritu larriak eragiten dituzten istripuetako faktoreetako bat izaten baita. Ohikoenak diren arreta-galtzeak, hala nola gidatzen den bitartean mugikorra edo nabigatzailea erabiltzea, istripu askoren atzean dauden faktoreak dira.

Bidaian:

  • Nahitaezkoa da segurtasun-uhala erabiltzea, baita atzeko eserlekuetan ere, eta ziurtatu beharko da adin txikikoek haurrak eusteko sistema egokia daramatela.
  • Komeni da atsedenaldiak egitea gutxienez bi orduz behin edo 200 kilometroz behin. Nekea eta arreta-galtzeak dira trafiko-istripu askoren arrazoi nagusiak.
  • Bigarren mailako errepideetatik zirkulatzen denean, erne jarraitu beharko dugu, nahiz eta ibilbide ezagunak izan. Gehiegizko konfiantza ez da bidaia-lagun ona izaten.