Sustapen ekonomikorako laguntzak eskatzeko epea azaroaren 2an bukatuko da

0
Ekonomia sustatzea eta enplegua sortzea. Horiexek dira Azpeitiko Udalak dituen lehentasun eta erronka nagusiak. Eta horretarako baliabide garrantzitsua bihurtu diren Sustapen ekonomikorako laguntzak ditu abian, aurten ere. 500.000€ko inbertsioaren bidez, herriko sektore desberdinak laguntzeko lau diru laguntza lerro bideratu dituzte. Diru-laguntzaz eskaerak aurkezteko epea azaroaren 2an bukatuko da.

 

Sektore guztiakdira onuradunak. Behar konkretuei erantzuteko sortutako laguntzak dira, baina laguntza hauen izaera integrala eta beharrei egokitutako laguntzak eskaintzeada udalaren helburua.

 

Aurten, 500.000€ko inbertsioa egingo du udalak Azpeitiko «ehun ekonomikoa bultzatzeko, sustatzeko eta sendotzeko». Herritarren ekonomiaren baitan dago beren ongizatea eta bizi kalitatea, eta ekonomiaren bermatzeko oinarri nagusia lana da. Azpeitiarrek herrian duin bizi eta lan egiteko aukerak sortzeko baliabideak eskaintzea dagokio udalari.

 

Sektore guztiak baina batez ere «sektore kolpatuenak atzean ez gelditzeko», bereziki laguntzeko ahalegina egin da aurtengoan.

1- Lehen sektorea eta zerbitzuentzako laguntza

Lehen linea honetara bideratu da aurten diru kantitate handiena: 200.000€. Aurreko urteetako kopurua bikoiztu dute aurtengorako, osasun alarma egoerak gehien kolpatutako sektoreak direlako, batez ere, merkataritza eta ostalaritza. Aurreko urteetan bezala, lehiakortasuna hobetzeko proiektuak lagunduko dira diruz: lokalak handitu edo berritzeko inbertsioak, negozio lerro berriak sortzea, proiektu berriak merkaturatzea, erakusleihoetarako …

Horretaz gain, modernizazioan eta garapenean eragiteko digitalizaziorako tresnak sortzeko eta mantentzeko laguntzak ere bideratuko dira. Negozio txikiak izanik, baliabide mugatuak dituztela aintzat hartuta bideratzen da linea hau: Web orriak, aplikazioak, blogak, sare sozialak, ekipo informatikoak… eta aurten bereziki Ticket Bai sistema ezartzeko gastuak lagunduko dira.

Aurrekoez gain, merkatu azterketak egitea, negozioen eskualdaketak eta bestelakoak ere lagunduko dira.

Covid 19ak sortutako ondorioek zuzenean eragindako sektorea dela jakinda, bi linea berezi izango dituzte herriko merkatari, ostalari eta negozio txikiek. Alde batetik, osasun alarma egoeraren protokoloak betetzeko egindako inbertsioak lagunduko dira diruz. Eta, bestetik, gastu estrukturalak arintzeko asmoz, negozioen alokairuko gastuei aurre egiteko laguntza berezia jarri da.

2- Industria proiektu estrategiko edo berritzaileak sustatzeko laguntzak

Industria proiektu berritzaile eta estrategikoak garatzeko laguntzak dira. 160.000€ko diru poltsa dago eta bereziki lagunduko dira Azpeitiko enpresen dibertsifikazioa helburu duten digitalizaziorako proiektuak. Horretaz gain, instalazioetako inbertsioak, ekipamendu tekniko eta teknologikoak eta eraikinetan egindako inbertsio handiak lagunduko dira.Bereziki lagunduko dira energia berriztagarrien autokontsumorako egiten diren instalazio berrien gastuak.

Enpresa berriak Azpeitira erakartzeko ere, herrian enpresa berriak kokatzeagatik laguntza lerro bat dago.

Genero berdintasuna industrian bermatzeko, berriz, beren tamainarengatik legez behartuta ez dauden enpresak ere berdintasun planak egin ditzaten laguntza lerroa sortu zen iaz. Eta, bestalde, berdintasuna bermatzeko egin beharreko inbertsioetarako ere emango da laguntza.

3- Ekintzailetasuna

65.000€ bideratuko dira ekintzailetasuna sustatzera. Ideia berriak abian jarri nahi dituztez autonomo eta ekintzaile berrientzat bideratutako laguntza lerro honen bidez urtebeteko autonomoen kuota ordainduko zaie. Sortzen den elkarte edo enpresak ekonomi sozialarekin duen loturagatik herriarentzat interesgarritzat jotzen bada bereziki bultzatuko dira.

4- Azpeitiarren kontratazioak

Lehen sektorean, zerbitzuen arloan eta industriari bereziki lagundu nahi die lerro honen bidez udalak. Arlo horretako enpresak laguntzeaz gain, ordea, lana sortu eta herritarrei lan baldintza duinak eskaintzeko baliabideak ipintzea da helburua. Horretarako, 75.000€ko laguntza lerroa bideratu du Azpeitiko Udalak.

Aldi baterako nahiz kontratu mugagabeak lagunduko dira. Lanaldiaren arabera laguntza handiagoa izango du. 500€tik 2.000€ arteko laguntza izango da kontratuko. Beti ere, kontratatuko pertsona azpeitiarra edo Azpeitian erroldatuko langabetua izan beharko du, eta enpresa ere Azpeitikoa izango da. Diruz gehiago lagunduko da kontratatutako pertsona emakumea bada eta 45 urtetik gorakoa bada.

Oinarriak

Proiektuak aurkezteko, laguntza

Diru laguntza desberdinetarako laguntzak azaroaren 2a bitartean aurkezteko aukera izango da. Laguntzen tramitazioak egiteko baliabide faltak inor laguntza eskatu gabe ez uzteko, Azpeitiko Udalak Iraurgi Berritzen garapen agentziaren bidez laguntzak eskatu zein zuriketarako aholkularitza eta laguntza eskaintzen du.