Jokin Bildarratzek hasiera eman dio Lanerako Prestakuntza eta Orientabideei buruzko Lanbide Heziketako kongresuari

0

Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburuak hasiera eman dio gaur goizean Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian Hezkuntza Sailak antolatutako LPO konektatzen 2021 kongresuari. Kongresuak Lanerako Prestakuntza eta Orientabideak (LPO) izango ditu ardatz.

Bi egun hauetan (urriaren 15ean eta 16an), Donostian bilduko dira Lanbide Heziketaren arloko 350 profesional inguru, Estatuko autonomia-erkidego guztietatik etorriak. Batez ere, LPOko (Lanerako Prestakuntza eta Orientabideak) eta EESeko (Enpresa eta Ekimen Sortzailea) irakasleak dira, eta egun hauetan beren ezagutza, proiektuak eta esperientziak beste lankide batzuekin partekatuko dituzte.

Kongresuaren helburua da bai Lanbide Heziketako ikastetxeen ingurune ekonomikoan eta soziolaboralean, bai ikasgela barruko alderdi metodologikoetan gertatzen ari diren aldaketa eta eraldaketekin lotutako esperientziak eztabaidatzea eta partekatzea. Baina, era berean, Lanbide Heziketaren esparruko erronka eta helburu komun berriei helduko zaie.

Bi jardunaldietan partekatuko diren gai eta proiektuak gaurkotasun osokoak eta bertaratzen diren irakasleentzat guztiz interesgarriak dira. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Orientazio profesionala eta lana bilatzea
  • Etorkizuneko enpleguak eta digitalizazioa
  • Laneko eskubideak eta betebeharrak
  • Laneko arriskuen prebentzioa
  • LPO-EES metodologia berriak
  • Soft Skills, zeharkako konpetentzien ebaluazioa
  • Adimen emozionala eta zeharkako konpetentziak. Ikasgelako gatazkak ebaztea
  • LPO-EES eta gizartea
  • Genero-ikuspegia. Gizarte-ekintzailetza. Erantzukizun sozial korporatiboa. Balioak

Hezkuntza Sailak 38 tailer eta 20 hitzaldi antolatu ditu, gai horietakoren bat edo batzuk ardatz hartuta.

Ikasleentzako iparrorratz

Kongresuaren hasieran, Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburuak azpimarratu egin du LPOko eta EESko irakasleek Lanbide Heziketan egiten duten lanaren garrantzia. «Zuen ikasleen iparrorratza zarete, eta iparrorratz hori ondo kalibratuta egotea funtsezkoa da haientzat guztientzat. Lan-merkatuaren beharrak aldatu egiten dira, etorkizuneko langileentzako eskakizunak ere handiagoak dira, eta horregatik behar zaituztete, behar zaituztegu», azaldu du.

Horren jakitun, Bildarratzek adierazi du Hezkuntza Sailak bi arloak (Lanerako Prestakuntza eta Orientabideak eta Enpresa eta Ekimen Sortzailea) indartzeko lanean diharduela, bere garaian Lanbide Heziketako ikastetxeetan orientazio profesionaleko sailak sortuta eta Oinarrizko Lanbide Heziketan LPO modulua barne hartuta. «Orain gure irakasleentzako prestakuntza aurreratua prestatzen ari gara, bai prestakuntzaren arloan, bai digitalizazioaren edo berrikuntza aplikatuaren arloan».

Etapa guztietan, eta bereziki Lanbide Heziketan, hezkuntza bizitzen ari den aldaketez ere mintzatu da Bildarratz. «Teknologiak bat-batean sartzeak, enpresen produkzio-prozesuetan izandako aldaketek, gero eta lehia-eskakizun handiagoak edota langileek sektore guztietan duten gero eta prestakuntza aurreratuagoak, gero eta ahalegin handiagoa eskatzen digu», adierazi du.

Alde horretatik, dei egin du konplazentzian ez geratzera eta behar berrietara egokitzeko lana ez etetera. «Ezin dugu errentetatik bizi, Lanbide Heziketak ondo funtzionatzen duela, gure ikasleak ondo prestatuta daudela, enplegagarritasun-tasak altuak direla pentsatzetik. Konplazentzian geratuz gero, irabazitako eremu guztia galduko dugu denbora gutxian». Bildarratzek azaldu du eraldaketa horiei EAEn nola heldu zaien eta nola eusten ari zaien, eta gogorarazi du, 4. Industria Iraultzak bultzatuta, Hezkuntza Sailak LHko V. Euskal Plana sustatu zuela, eta gaur egun VI. Plana diseinatzen ari dela. Horren harira, honako hau adierazi du: «Prestakuntza adimendunak, lantegi adimendunek, ikastetxe adimendunek eraldaketa berri bat eskatzen digute. Ezin gara gelditu, gure ikasleei, gure enpresei eta, oro har, gizarteari zor diegulako».

Azkenik, sailburuak Lanbide Heziketaren helburua nabarmendu du: «Bere bizitza profesionalaren zutabe gisa Lanbide Heziketaren alde egiten duen pertsonak izan dezala ahalik eta prestakuntzarik onena, eguneratuena, aurreratuena eta enpresen errealitatera ondoen egokitzen dena. Izan ere, gizarte gisa, gure etorkizunaren zati bat haren esku dago, haren ezagutzen, gaitasunen, abilezien eta trebetasunen esku. Baina arazoei aurre egiten dakiten pertsonak ere prestatu behar ditugu. Pertsona horiek beren bizitza kudeatzeko gaitasuna izan behar dute, eta ekintzaile izaten jakin behar dute, euren enpresa sortzeko edo lan egiten duten enpresaren barruan ekiteko. Ez dute zain egon behar enpresako arduradun batek hobekuntzan inplikatu behar dutela esan arte».

Kongresuaren programa

Bildarratz sailburuak kongresua ireki ondoren, Jorge Arévalo Lanbide Heziketako sailburuordeak hartu du hitza, “Una gran oportunidad” («Aukera paregabea») hitzaldiarekin. Bertan, Euskadiko Lanbide Heziketa egiten ari den eraldaketa azaldu du, gure gizartea eta mundua dagoeneko bizi izaten ari diren aldaketen aurrean. Arevaloren hitzaldiaren amaieran, Jose Miguel Ayerza ADEGIko zuzendari nagusiaren txanda izango da. Ayerzak Fabrikak egiten duen lana azalduko du. Fabrika errendimendu handiko zentro bat da, enpresen kultura eraldatzeko ADEGIk berak abian jarritakoa.

LPO konektatzen 2021 kongresuak bi egunetarako 38 tailer eta 20 hitzaldi inguru antolatu ditu, eta foro aproposa da eztabaidatzeko eta esperientziak trukatzeko, baita lankideen artean harremanak estutzeko ere. Gaur arratsaldeko saioak (urriak 15) eta larunbat goizekoak (urriak 16) Zubiri Manteo BHIn eta Easo Politeknikoa LHIIn egingo dira.

Hitzaldi, lantegi eta komunikazioen programa osoa online kontsultatu daiteke.