“Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza” erronka nagusiak konpontzeko eta garapen ekonomiko eta sozial orekatua eta iraunkorra bermatzeko tresnak dira, Lehendakariaren esanetan

0

Iñigo Urkullu lehendakariak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiarekin batera, Zientzia eta Berrikuntzaren Etorkizunari buruzko Elkarrizketa jardunaldiari hasiera eman dio. Ekitaldi honen helburua da eztabaida sustatzea eta Espainiak eta Europar Batasunak datozen hamarkadetan izango dituzten erronkei eta aukerei buruzko informazioa ematea, bereziki zientziaren eta berrikuntzaren arloan.

Lehendakariak bere hitzaldian adierazi duenez, «Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza» aurrean ditugun erronka nagusiak konpontzeko eta garapen ekonomiko eta sozial orekatua eta iraunkorra bermatzeko tresnak dira. Ildo horretan, adierazi du beharrezkoa dela Euskadiko ordezkari ekonomiko, sozial eta instituzionalak bat egitea, politika publikoak eta pribatuak uztartuz, eta indargune eta gaitasun nagusietan oinarritzen jarraitzea, espezializazio adimendunaren alde eginez eta gure ekonomia eta gizartea eraldatzen duten proiektuak bultzatuz. Era berean, Urkulluk konpromisoa hartu du Europako Batzordea proposatzen ari den erronka demografikoarekin, autonomia estrategikoarekin eta trantsizio berde eta digitalekin. “Gure bokazioa da etorkizuneko belaunaldien ongizatearen oinarriak ezarriko dituzten helburu horiek lortzen laguntzea”, gaineratu du.

Inaugurazio-saioan, lehendakariak Euskadi 2030erako Europako Eskualde aurreratuenen artean kokatzea proposatu du zientzia eta berrikuntza arloan. Horrela abiapuntua ona dela esan du, izan ere, uztailean, Europako Batzordeak argitaratu zuen «Regional Innovation Scoreboard 2021» txostenean, Euskadi berrikuntza handiko Europako eskualdeen artean kokatzen zuen eta eskualdeko bikaintasun-polo gisa kalifikatu. “Egindako ibilbidea eta gure lankidetza publiko-pribatuaren eredua bermatzen duen aitorpena da hau”, adierazi du Urkulluk.

Helburu hori betetzeko, Eusko Jaurlaritzak 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana dauka, aurten bertan onartua. Lehendakariak azaldu duenez, Euskadiren apustua eraldaketa sozial eta ekonomikoko proiektuak garatzean oinarritzen da, RIS 3 espezializazio adimenduneko estrategiarekin bat datozenak eta Euskadi Next-en sartu direnak, Europako funtsek zehaztutako lehentasunen ildotik. “Lankidetzan jarraitu behar dugu gure lehentasunei erantzuteko: I+Gko inbertsioak handitzea; berrikuntza enpresa txiki eta ertainetara ere zabaltzea; Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arte eta Matematikako STEAM prestakuntza bereziki bultzatzea; eta, neurri handiagoan, emakumeak eta gazteak eremu zientifiko-teknologikoetan sartzea”, adierazi du lehendakariak.

Bilboko Bizkaia Aretoan egindako ekitaldian, honako hauek izan dira, besteak beste: Teresa Ribera, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroa; Maros Sefcovic, Europako Batzordeko Erakunde arteko Harremanetarako eta Prospektibarako lehendakariordea; Diana Morant, Zientzia eta Berrikuntzako ministroa; eta Eva Ferreira, Jose Mª Guibert eta Vicente Atxa.

Energiaren aldeko Estatu Ituna

Iñigo Urkullu lehendakariak Foro honek eskaintzen duen aukera aprobetxatu du Energiaren aldeko Estatu Itun bat planteatzeko, pairatzen ari garen “krisiari” erantzuteko, “izaera berritzaileagoa duen begirada bat ere eskatzen digun esparru eta funtzionamendu-sistema bat”. Hala, diagnostikoa eta jarduera-estrategia partekatzea ahalbidetuko duen itun bat proposatu du, bost eragin-eremuak barne hartuko dituena: familia ahulenek pairatzen dituzten egoerei erantzutea; energia-politika komun baten komenigarritasuna bultzatzea; energia- eta ingurumen-trantsizioa bizkortzea; energia-politika industrialarekin egokitzea; eta herritarrak energia aurreztearen inguruan sentsibilizatzen laguntzea.

Zientziaren eta berrikuntzaren etorkizunari buruzko elkarrizketa

Elkarrizketa urriaren 18an eta 19an egingo da Bilbon, eta hainbat eztabaida-mahaik, goi-mailako bilerek eta herritarren tailerrek osatuko dute. Horietan, Espainian covid osteko garaian sistema zientifikoek eta berritzaileek dituzten erronka nagusiak aztertuko dira. Hizlarien artean, Diana Morant ministroa eta Arantxa Tapia sailburua, Gobernuko eta Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroa daude.

Elkarrizketa 2021eko iraila eta azaroa bitartean Espainiako eskualde guztietan izango diren ekitaldi tematiko batzuen zati da, Espainia 2050 proiektuaren eta Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziaren zati gisa prestatzen ari den Epe Luzeko Estrategia Nazionalaren esparruan. Ekitaldi horiek Espainiako Gobernuak, Europako Batzordearen Espainiako Ordezkaritzak eta Europako Parlamentuaren Espainiako Bulegoak antolatzen dituzte.