Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseilua bildu da gaur goizean eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako egoitzan. Garapenerako lankidetzarako eragile instituzionalak zein sozialak ordezkatzen dituen organoa da, eta gaitasuna du arlo horretan euskal politika publikoak proposatu, eman eta horiei jarraipena egiteko.
Kontseiluaren eginkizunetako bat da Eusko Jaurlaritzak garapenerako lankidetzaren alorrean dituen xedapen orokorrei buruzko txostenak egitea. Hala, saioa hasi da programetarako laguntzen dekretu proposamenari buruzko lehenengo nahitaezko txostena onartuz. eLankidetzak ematen duen dirulaguntza hori giza garapen iraunkorra sustatzera bideratuta dago, egiturazko arazoak eta mundu osoko erronkak landuko dituzten ekimenen bidez, Iparraldeko eta Hegoaldeko erakundeak artikulatuz eta eragile askoren arteko aliantzak uztartuz.
Bestalde, eLankidetzaren 2020ko memoria aurkeztu da. Pandemiaren gorabehera, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak iaz 800.000 pertsonari baino gehiago laguntzea lortu zuen 31 herrialdetan. 38 milioi euroko aurrekontuarekin, Euskal GGKEek eta beste lurraldetako erakundeek 108 ekimen bultzatu zituzten. Horietatik, %34 emakumeak ahalduntzera bideratu ziren eta %25 erakunde feministetara; %11 baino gehiago gatazketan eta beste indarkeria egoeretan kokatzen diren proiektuak izan ziren eta %23 Afrikan egin ziren.
Saioa bukatzeko, hezkuntza alorreko politiken koherentziei buruzko txosten bat aurkeztu da. Txosten honek aztertzen ditu Hezkuntza Sailak Eusko Jaurlaritzako beste sail, erakunde edo organismo batzuekin dituen politika eta praktika osagarria, giza garapen iraunkor eta ekitatiboaren ereduaren balioak sustatzeko. Ondorioen artean daude egiten diren ekintzak hemen eta orainan oinarritzen direla eta ez hainbeste hirugarren herrialdeetan edo beste belaunaldietan izango duten eraginari begira.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseilua urtean lau aldiz biltzen da, eta organo aholku-emailea da Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuetako, hiru aldundietako, EUDELeko, GGKEetako, gizarte mugimenduetako, unibertsitateetako eta teknologia zentroetako kideak biltzen dute.