Udal hizkuntza-politikak aztergai, jardunaldiak antolatu dituzte lankidetzan Eusko Jaurlaritzak eta Kontseiluak

0

Udalak Eragile izenpean, azaroaren 18an eta 19an izango diren jardunaldiak aurkeztu dituzte Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eta Euskalgintzaren Kontseiluak. Tokiko hizkuntza-politikak izango dute hizpide nagusi Miramar Jauregian egingo diren jardunaldiek.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaranek eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok hartu dute hitza Eusko Jaurlaritzaren Gipuzkoako egoitzan egin den agerraldian. Biek udalen arteko lankidetza sustatzearen eta esperientziak partekatzearen garrantzia azpimarratu nahi izan dute. Miren Dobaran Hizkuntza Politikako Sailburuordeak adierazi duenez “praktika onak eta eraginkorrak partekatzea ezinbestekoa da herri guztietan egiten ari denaren katalogo osoa izateko eta tokian tokian behar diren egitasmoak aukeratu eta martxan jarri ahal izateko. Euskara zerbitzuen arteko elkarrizketa eta elkarlana sendotzea ezinbestekoa da euskara biziberritzeko prozesuaren fase honetan. Euskararen ezagutzan aurrerapauso handiak eman ditugu baina euskararen erabilera sustatzeko lanean asmatzeko prestakuntza, plangintzak eta elkarlana beharrezkoa izango da erronkak handiegiak direlako”.

Bide beretik, jardunaldiak lanketa hori egiteko espazio gisa identifikatu ditu Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak: “hizkuntza-politikez ari garenean, eta herritarren ikuspegiari lotzen bagatzaizkio, udalek protagonismo handia hartzen dute. Izan ere, udalak dira herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak, eta harreman gehien tokiko erakundeekin izaten dute”. Zentzu horretan, Kontseiluak lanketa berezituak egin izan ditu udaletako hizkuntza-politiken inguruan, direla politiken neurketak, direla ordenantza eredugarriak, dela Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren egokitzapena udaletarako.

Eusko Jaurlaritzak eta Euskalgintzaren Kontseiluak «egokitzat jo genuen lankidetzan antolatuko ditugun bigarren jardunaldiek tokiko hizkuntza-politikak izatea hizpide, zertarako eta udalak eragile izateko», Bilbaoren hitzetan.

Jardunaldiak udaletako arduradun politikoei, idazkari eta euskara teknikariei, zein aholkularitza-enpresei zuzenduta egongo dira, eta udaletako hizkuntza-politiketan urrats berriak eta eragingarriak emateko aukerak izango dituzte aztergai. Horretarako, egun hainbat udalek aurrera eramaten dituzten praktika egokiak partekatzea, indarrean dagoen araudiak eskaintzen dituen aukerak jorratzea, eta udalek dituzten tresnen errepasoa egitea izango dute helburu.

Hain zuzen, Donostiako Miramar Jauregian egitekoak diren jardunaldiak doakoak izango dira, eta izen-ematea irekita dago jada www.kontseilua.eus webgunean.

Egitaraua

Antolatzaileek arituak eta adituak txandakatu nahi izan dituzte, bai eta ikuspegi juridikoa, praktikoa eta teknikoa ere. Halaber, praktika arrakastatsuak edota udalei lagungarri izan dakizkieken tresnak ere ekarriko dira. Hamaika hitzartze, mahai-inguru eta elkarrizketaz osatu dute egitaraua, eta molde eta forma ezberdinak landuko dituzte gaia ertz ezberdinetatik begiratu asmoz.

Aipatzekoak dira, besteak beste, jardunaldietan izango diren hiru hizlari. Sarrera-hitzaldia Alba Nogueira López Santiago de Compostelako Unibertsitateko irakasleak emango du, hizkuntza-politikaren esparruan udalen autonomia izango duena hizpide. Bestalde, EHUko irakasle Iñigo Urrutiak eta Iñaki Agirreazkuenagak ikuspegi juridikoa eskainiko dute hitzaldi banatan. Irakasleok egungo araudiak udalei eremu desberdinetan irekitzen dizkien aukerak izango dituzte hizpide.

Hauekin batera, kontuan hartuta udalen hizkuntza-politikaren helburua zerbitzuak euskaraz eskaintzea eta lana euskaraz egitea ahalbidetzea dela, teknikariek lehen pertsonan udaletan garatu izan diren estrategiak azaltzeko tartea izango dute ere. «Udal batzuk euren kasa ez dira ausartuko urratsak bakarrik egitera, eta beraz, ikusi behar dute badirela urrats eragingarriak egin dituzten beste udalak. Hartara, ikuspegi praktikoak pisua hartuko du jardunaldietan» azaldu du Bilbaok.

Egitarau osoa, hitzartze bakoitzaren nolakotasuna eta hizlarien biografiak jasotzen dituen gidaliburua ikusgai dago Kontseiluaren webgunean.

Lankidetza

Eusko Jaurlaritza eta Kontseilua lankidetzan aritu izana “oso garrantzitsutzat” jotzen du Bilbaok: “zeinek bere bidea jorratu du udaletako hizkuntza-politiken esparruan, baina biok partekatzen ditugun kezkak ere badaude, eta biok ikusi dugu gisa honetako foro bat antolatzeko beharra eta interesa”. Hori izan da, hain zuzen, Udalak Eragile jardunaldiak lankidetzaren parametroetan kokatzeko arrazoia. “Jardunaldiei dimentsio berezitua emateko baliagarria izateaz gain, instituzioen eta euskalgintzaren arteko lankidetza-markoan ere kokatzen da gai zehatzen inguruko eztabaida-plaza partekatuak elkarrekin eskaintzea” gehitu du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Miren Dobaranek, Hizkuntza Politikako sailburuordeak azpimarratu duenez, “elkarlan hau iraunkorra eta sendoa da eta izango da, erakundeek eta gizarte eragileek elkarrekin lan eginez gero, askoz ere eraginkorragoak garelako euskararen sustapen lanetan”.

Laburbilduz, hizkuntza-politiken arloan, udalek duten eragile paperaren inguruan hausnartzeko plaza izango da Miramar Jauregikoa, eta azaroaren 18 eta 19ko jardunaldiek eskura dituzten tresnetan erreparatzeaz gain, etorkizunari begirako aukera berriak identifikatzen ere lagunduko dute.