Euskadiko Lanbide Heziketako ikasleak beren trebetasunak erakusten ari dira EuskoSkills 2021 txapelketan

0
  • Irungo Ficoban elkarturik, Euskadiko Lanbide Heziketako 41 ikastetxetako 146 ikasle ari dira lehian bi egunez, txapelketako 19 modalitateetan

Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea eta Rikardo Lamadrid Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria EuskoSkills 2021 Lanbide Heziketako Txapelketaren hasieran izan dira gaur goizean, Irunen. Txapelketa bi egunez egingo da Irungo Ficoba erakustazokan.

Erakustazokan, gaur eta bihar (urriaren 20an eta 21ean), Lanbide Heziketako 41 ikastetxe publikotako zein itundutako 146 ikasle lehiatuko dira EuskoSkills 2021eko 19 modalitateetako batean. Aurtengo txapelketan, gainera, ikasle horien 93 tutorek ere parte hartzen dute, 19 koordinatzailerekin batera, lehiaketa-kategoria bakoitzeko bat (hauek ere irakasleak dira). Edizio honetan, bestalde, 39 enpresek laguntzen dute lehiaketaren antolakuntzan edo garapenean.

Bi egun hauetan, Lanbide Heziketako 3.000 ikasle inguru hurbilduko dira Ficobara, txapelketa ikusteko eta ikaskideak animatzeko.

Trebetasun profesionalak

Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzak antolatzen duen lehiaketa da EuskoSkills, Lanbide Heziketako zikloetan matrikulatutako ikasleentzat. Ikasten ari diren zikloarekin lotutako lehiaketetan hartzen dute parte ikasleek. Horretarako ezinbesteko baldintza da 2022. urteko abenduaren 31 baino lehen 23 urte baino gehiago ez izatea (Mekatronika eta Industria 4.0ren kasuan muga hori 26 urtera arte zabaltzen da).

Lehiaketan parte hartzen duten ikasleek frogatu behar dute ikasten ari diren heziketa-zikloaren berezko trebetasunak eta gaitasunak menperatzen dituztela eta, horretarako, zenbait proba bete behar dituzte egun eta erdian. Hala ere, EuskoSkills txapelketan, lanbidearen edo sektorearen gaitasun teknikoez gain, ikasleak proba amaitzeko baliatu behar dituen zeharkako beste gaitasun batzuk ere baloratzen dira. Ikaslea eroso dagoen eremutik ateratzen da, bere balio profesionala eta pertsonala erakusteko.

Ekimen honen helburu nagusia da, txapelketen bidez, jabetzea gaitasunek eta konpetentzia-maila handiek funtsezko ekarpena egiten dutela arrakasta profesionala lortzeko eta nork bere burua garatzeko. Era berean, EuskoSkills txapelketa aukera paregabea da Lanbide Heziketaren eta bere lanbide-arloen aniztasuna euskal gizartean sustatzeko. “Lanbide Heziketako olinpiada” hauetan parte hartzea, halaber, motibazio berezia da ikasleentzat ere, eta bilgune egoki bihurtzen da Euskadiko beste ikastetxe batzuetako ikasleekin elkarbizitzeko eta harremanak estutzeko.

Kategoriak

EuskoSkills 2021 txapelketa 19 kategoriatan garatzen da. Txapelketaren modalitate bakoitzean erreferentziako Lanbide Heziketako ikastetxe bat aukeratzen da, eta ikastetxe horretako irakasle bat da modalitate horren antolaketaren arduraduna. 2021ean modalitate hauetan lehiatzen ari dira:

  • Mekatronika
  • Diseinu mekanikoa-CAD
  • CNC-Fresaketa
  • Soldadura
  • Karrozeria-konpontzea
  • Elektronika
  • Web-garapena
  • Instalazio elektrikoak
  • Industria-kontrola
  • Zurgintza
  • Ile-apainketa
  • Estetika
  • Automobilaren teknologia
  • Sukaldaritza
  • Sareko sistemen administrazioa
  • Arreta soziosanitarioa
  • 3D jokoen eta animazioen diseinua
  • Elkarlan-robotika
  • Industria 4.0. (erakustaldia)

Kategoria bakoitzeko ikasle irabazleak Euskadi ordezkatuko du datorren martxoan Madrilen egingo diren SpainSkills estatuko txapelketetan. Eta bertan irabazle suertatzen badira, EuroSkills txapelketetan eta munduko txapelketetan (WorldSkills deiturikoan) lehiatu ahal izango dira.