Lehendakariak adierazi du BBK KUNA bezalako ekimenak pizgarri izango direla “premia globalei erantzun integralak emateko»

0

Iñigo Urkullu lehendakaria BBK Kunaren inaugurazioan izan da, proiektu berritzaileak garatzeko zentroa. BBK Kuna gizarte-berrikuntzarako gune bat da, eta bertan Garapen Jasangarriaren Helburuei (GIH) lotutako hainbat eragilek parte hartzen dute, Bizkaiko gizarteari etorkizuneko erronkei erantzuteko irtenbide ugari eskaintzeko.

GJHen Etxeak proiektu berritzaileak sustatzen ditu, hainbat erronkari irtenbideak emateko: biztanleriaren zahartzea eta adinekoen bakardadea, klima-aldaketa, iraultza teknologikoa, hirien eraldaketa edo migrazioa. 2030 Agendari lotutako erronkak, gizarte gisa hazten jarraitzeko, inor atzean utzi gabe.

Oraintsuko krisi ekonomikoaren edo pandemiaren bizipenaren testuinguruan, Lehendakariak adierazi du proposamen eraldatzaileen beharra dagoela, bere ustez, premia globalek erantzun integralak behar baitituzte. Ildo horretan, ziurtatu du BBK KUNA bezalako ekimenak pizgarri izango direla gizarte osoari eragiten dion ahalegin kolektibo horretan. Hala, Urkulluk defendatu du ideia eta proiektu berritzaileenak diziplina anitzeko lanetik, parte-hartzetik eta konpromiso partekatutik sortzen direla, eta, horregatik, auzolanaren garrantzia azpimarratu du. Lehendakariak, halaber, azpimarratu du, Nazio Batuetan gertatu den bezala, 2030 Agendak eta Garapen Jasangarriaren Helburuek adostasun handi baten eragile izan behar dutela Euskadin ere; Eusko Jaurlaritzak, erakunde publikoek, enpresa-munduak eta hirugarren sektore sozialak lortu nahi duten ahalegina, hain zuzen.

Bere hitzaldian, Lehendakariak adierazi du ekainean onartu zela 2030 Agendaren Lehentasunen Euskal Programa. Programa horrek zazpi konpromiso eragile zehazten ditu: pobrezia eta bazterkeria prebenitzea; hezkuntza inklusiboa sustatzea; klima-aldaketa leheneratzea; hirigintza berde eta inklusiboa bultzatzea; osasun publikoaren aldeko apustua egitea; iraunkortasuna eta bizikidetzaren gaineko erantzukizuna bereganatzea; eta bakea lortzea.

Gainera, gogorarazi du azaroaren 9an Trantsizio Sozialerako eta Agenda 2030erako Foro Multiagentea eratuko dela, Agendaren bultzada erakundeen eta gizartearen arteko lankidetzaren bidez partekatzeko organoa. Lankidetza-gobernantzarako gune bat.

BBK Kunean egindako inaugurazio-ekitaldian, oroitzapenezko plaka bat jarri da, eta ekitaldira bertaratu direnek gizarte-berrikuntzako zentro berriaren instalazioak bisitatzeko aukera izan dute.