Etxebarriko osasun-zentroak administrazio-arloaren eredu hurbilagoa eta integralagoa ezarri du, eta hura Osakidetza osora zabalduko da

0
Fotografía: EITB.

Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak, gaur, Osakidetzaren Etxebarriko osasun-zentroa bisitatu du, Bizkaian; zentroa zaharberritu egin da eta administrazio-arlo berria du, zonako herritarrei ematen zaien arreta hobetu ahal izateko. Horrelako modernizazioa hiru zentrotan egingo da, eta haietako bat Etxebarrikoa da, non 53.000 euroko inbertsioa egin baita; beste bat Basauriko San Migelgo osasun-zentroa da eta, bestea, Iurretakoa, non obrak azaroan hasiko baitira. 

Zaharberritze horren helburua da herritarrei arreta hurbila, integrala eta pertsonalizatua eskaini ahal izateko espazioak sortu ahal izatea, arreta hori hitzordua hartzeko izan edo administrazio-izapideak egiteko izan. Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak gogora ekarri du urte eta erdiz Covid-19aren kutsadurak prebenitzeko hartutako segurtasun-neurrien ondorioz aurrez aurreko asistentzia murriztu behar izan ondoren, Lehen Mailako Arretak “ateak zabalik» dituela herritarrentzat, osasun-arloan dituzten beharrei erantzuteko. Horren harira, eskaintzen diren hitzorduen % 50 dagoeneko aurrez aurrekoak dira, eta, urtea amaitu aurretik, pandemiaren aurreko presentzialtasun-mailetara bueltatzea espero da.

Administrazio-arloaren eredu berria pixkanaka gainerako osasun-zentroetara zabaltzen joango da. Diseinu erosoa du; ohiko mostradoreen ordez, mahaiko arreta-guneak ditu, erabiltzaileak eseri eta arreta gizatiarragoa eta pertsonalizatuagoa izateko eta, halaber,  konfidentzialtasuna bermatzeko. Era berean, call center-eko eremu bat dago, arreta telefonikoa eta presentziala ahalik eta gehien bereizteko.

Diseinu berriak arreta-guneak Eskariaren Kudeaketa ereduaren ondoriozko behar berrietara egokitzen ditu; eredu hori pixkanaka ari da Osakidetzan ezartzen, eta haren helburua da herritarren eskarien kudeaketa eraginkorragoa izatea eta, horretarako, haien beharrak identifikatzea eta profesional egokienera orientatzea. Hau da, prozesu arin batengatik bertaratzen bada, besteak beste katarro batengatik, arreta Erizaintzako kontsultan ematea, eta bertatik pazientea beharrezkoa den kasuetan baino ez bideratzea Familia Medikuntzako kontsultara. Edo eskatzen dena baja berresteko agiria bada, administrazioko langileek egitea izapideak. Etxebarriko osasun-zentroan, talde-laneko eredu hori oso barneratuta dute, Sailburuak berak gogorarazi duenez. Administrazio-arloa berritzeak arreta-eredu hori finkatzen lagunduko du.

Etxebarriko osasun-zentroan eginiko obra hori Lehen Mailako Arretarako Azpiegiturak Zaharberritzeko Planean dago aurreikusita; 2021ean, orain arte, 14 milioi euro baino gehiago inbertitu dira osasun-zentroak modernizatzen eta ekipamendu berriak eraikitzen. Proiektu aipagarrienetako batzuk honako hauek dira: Aretxabaleta, Bergara eta Ordiziako osasun-zentroen zaharberritze integrala, Laudion eta Oionen osasun-zentro berriak eraikitzeko proiektua idaztea edo materiala hornitzea, besteak beste ekografiako ekipamendua, desfibriladoreak edo elektroak.

ZENTROAREN DATUAK

Etxebarriko osasun-zentroak zonako 10.700 pertsona baino gehiagori ematen die zerbitzu. Zentroak 2.000 metro erabilgarri ditu, guztira, bi solairutan banatuta. Bertan, honako zerbitzu hauek daude: Erizaintza, Pediatria, Emagina eta Familia Medikuntza. Urtero 84.900 kontsulta mediko izaten ditu.

ADMINISTRAZIO-ARLOETAKO PERTSONALA, FUNTSEZKO PIEZA

Zentrora bisita egin ondoren, Osasuneko Sailburuak topaketa izan du Barrualde-Galdakaoko ESIko ordezkariekin –hari baitagokio zentroa–, bai eta osasun-zentroko bertako eta administrazio-arloko ordezkariekin ere. Topaketan azaldu die Osasun Sailak eta Osakidetzak asmoa dutela osasun-zentroetako egituran administrazio-pertsonalaren lanbide-profila dinamika asistentzialaren zati gisa finkatzeko. Osakidetzak nabarmentzen du administrazio-arloek zerbitzuaren erabiltzaileentzako bitartekaritzarako eta bideratzeko eginkizuna dutela, izapide posible guztiak ebazten dituztela eta eskariak dagokien zerbitzura bideratzen dituztela, eta, “hala, erantzun eraginkorra ematen dutela, zerbitzu integratua eta etengabea izateko.

Hori horrela, gogora ekarri behar da aurten Lehen Mailako Arretako administrazio-arloetako pertsonalaren soldata ospitaleko eta ospitaletik kanpoko arretako beste asistentzia-eremu batzuetan lan egiten duen administrazio-arloko pertsonalaren soldatarekin parekatu dela. Alegia, Lehen Mailako Arretako administrazio-arloetako langileentzako osagarri berezia onartu da, haien ordainsariaren % 4ko igoeraren baliokidea.