Eusko Jaurlaritzak Erronka globalen aurrean, gazteria martxan’ sarien lehen edizioa deitu du

0

Gobernu Kontseiluak, gaur, Erronka globalen aurrean, gazteria martxan sarien lehen edizioaren deialdirako 29.000 euroko kopurua onartu du.

Deialdiak sarituko ditu 18 eta 30 urte bitarteko Euskadiko gazteek aurkeztutako proiektuak, Euskadiko eta beste lurralde batzuetako gazteen arteko elkartasuna, garapenerako lankidetza eta trukea sustatzea helburu dutenak. Deialdiak ez ditu ekintza eta jarduera motak mugatuko; izan ere, beste gauza askoren artean, bilatzen du sustatzea sormena, beste errealitate batzuen ezagutza eta GGKEen eta lankidetzarekin erlazionatutako beste elkarteen lanaz ohartzea. Halaber, beste gazte batzuk sentsibilizatzeko asmoz, lehiaketak hainbat motatako ideiak aurkezteko aukera emango du: musika, dantza, hitzaldiak, bideoak edo bestelako edozein ekimen.

Hautagaitzak banaka edo taldean egin ahalko dira eta aurkezteko epea azaroaren 10etik abenduaren 9ra izango da.

Proiektuak gazteekin eta garapenerako lankidetzarekin zerikusia duten pertsona batzuek eratuko duten epaimahaiak balioetsiko ditu, eta hiru sari irabazi ahalko dituzte: 3.000 euroko hiru sari, 1.000 euroko 10 sari eta 500 euroko 20 sari.

Ekimen hau Gazteria Zuzendaritzaren eta eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren artean sinatutako hitzarmenean sartzen da. Hitzarmen horri esker, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa ere garatzen da.