Euskadiko sektore publiko guztiarentzako eredu propio batean sakonduko duen euskal enplegu publikoko lege baten alde egin du Garamendik

0

Olatz Garamendi Landa Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioen aurrean, euskal enplegu publikoari buruzko lege-proiektua azaltzeko, eta Euskadiko sektore publiko osorako euskal enplegu ereduan sakontzea ahalbidetuko duen arau baten beharra defendatu du. Osotasun, gardentasun eta profesionaltasun printzipioetan oinarritutako ereduaren aldeko apustua egin du, zerbitzuaren kalitateari eta herritarrekiko harremanari begiratuz eta lan eremuan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sendotuz. Gainera, arlo publikoaren balioak indartu nahi ditu ekimenak, zerbitzu publikoa defendatuz, funtzio publikoa aitortuz eta azken finean langileen lana balioan jarriz une oro.

Garamendik berak eskatuta aurkeztutako ekimena euskal enplegu publikoaren kontzeptuan oinarritzen da, funtzio publikoarena gaindituz, eta bere aurreikuspenen zati handi bat funtzionario publikoetara zabaltzen du, baina baita lan kontratuko eta behin-behineko langileetara ere. Gainera, bere jarduera eremua eta aplikazio modua Euskal Sektore Publikoaren eremu guztietara zabaltzen du. Joan den uztailean Gobernu Kontseiluak onartu zuen eta gaur egun Legebiltzarrean izapidetzen ari den lege-proiektuak 100.000 langile baino gehiagoren jarduera arautzen du, euskal administrazio publikoetan lan egiten dutenak: Administrazio Orokorrean eta erakunde autonomoetan, Foru Aldundietan eta toki erakundeetan, EHU/UPV unibertsitate publikoan, eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoetan eta sozietate publikoetan, besteak beste.

Ekimenaren xedea enplegu publikoa kudeatzeko tresnak antolatzea eta araubide juridikoa definitu eta arautzea da. Gainera bokazio integratzailea du jarduera eremuei dagokienez, Euskadiko erakunde maila guztien arteko homogeneizazio handiagoa proposatzen baitu: autonomikoa, forala eta tokikoa. Esparru bakoitzaren antolaketa autonomia errespetatzen du, baina zoru partekatu bat eskaintzen du, eta hortik aurrera administrazio bakoitzak bere antolaketa gaitasuna gara dezake.

Arlo publikoan lan egiten duten pertsonen zenbait alderdi arautzea du helburu lege-proiektuak, ibilbide profesionalarekin zerikusia duen guztian. Halaber, enplegu publikoaren antolamendua eta egitura arautzen ditu, bai eta ordainsari sistemaren diseinua eta enplegu publikoaren organoak eta horien eskumenak ere. Garapen profesionalaren eremuan, karrera profesionalaren kontzeptua bultzatu eta zabaltzea proposatzen da, administrazio publikoen funtzionamendua eta zerbitzu ematea eraginkorrago egiteko kudeaketa tresnatzat hartuta. Garamendi Sailburuak Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordeko parlamentariei azaldu dienez, “ez diogu soilik lanpostuari arreta jartzen enplegu publikoa egituratzen duen elementu gisa eta, ordea, pertsonari eta haren garapenari erreparatzen diogu”.

Hautaketaren arloan, lege-proiektuak hautaketa organo iraunkorren profesionalizazioa bultzatzearen alde egiten du, hautaketa prozesu guztietarako irizpide komunak ezarri eta aplikatuko baitituzte. Arlo horretan, azpimarratzekoa da IVAPek enplegu publikoko prestakuntzaren arloan egiten duen lana, haren diseinu estrategikoari, antolaketari eta kudeaketari dagokienez. Zuzendari publiko profesionalak izendatzeko, merezimendu, gaitasun, publizitate eta lehia printzipioetan oinarritutako prozedurak garatzea ere aurreikusten du.

Integrazio ikuspegi batetik, ekimenak urratsak eman nahi ditu euskal erakunde sareko enplegu publikoaren koordinazioan, eta, horretarako, lege-proiektuak organo berri bat sortzea aurreikusten du, Enplegu Publikoa Koordinatzeko Batzordea. Foro horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru maila instituzionaletako erakundeek esperientziak partekatu, irizpideak bateratu edo politika komunak sustatu ahal izango dituzte enplegu publikoaren arloan.