Gaur zabaltzen da herritarrentzat Euskadi Bono Denda kanpaina eta zuzenean trukatu ahal izango dituzte bonuak saltokietan

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Zumarragako alkate Mikel Serranorekin batera aurkeztu du Euskadi Bono Dendaren edizio berria —gaur hasten da epea— bertako udala eta Legazpikoa atxiki direna. Ondoren, hara hurbildu da Koldobike Olabide alkatearekin batera atxikitako denda batzuk bisitatzera.

Sailburuak azpimarratu duenez oso garrantzitsua da udalek Euskadi Bono Dendaren edizio berri honetan parte hartzea, “udalerriei bonu berriak gehitzea lortzen baitute horrela. Ia 4.500 saltoki ditugu; horien artean portzentualki banatzen dira bonuak, eta ematen dituen bonuen kopurua gehitzen du atxikitako herri bakoitzak”.

Euskadiko saltoki atxiki bakoitzak 100 bonu baino gehiago izango ditu deskontu gisa. Horrek esan nahi du Zumarragak 3.700 bonu esleituta bazituen bertako 37 saltokientzat, egindako ekarpenagatik 1.000 bonu gehiago izango dituela; 4.700 bonu gutxi gorabehera. Legazpiren kasuan, bertako 27 saltoki atxikiek 1.800 bonuko ekarpen gehigarria izango dute, 4.500 deskontu-bonuetara iritsi arte. “Helburua da ahalik eta saltoki gehienek ahalik eta deskontu-bonu gehien izatea, tokiko kontsumoa eta hiri-ekonomia suspertzeko”, adierazi du sailburuak.

Bonuen aurrekontua 5,1 milioi eurokoa da: 4,7 milioi euro Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak emanak Euskadi osorako, eta milioi erdi gehiago orain arte atxikitako udalenak, beren udalerriak indartzeko. Horrek esan nahi du 500.000 bonu baino gehiago jarriko direla zirkulazioan, berekin ekarriko dutena 15 milioi euroko inpaktu ekonomikoa erosketetan.

Bonuak 10 euroko deskontuetan oinarritzen dira, 30 eurotik gorako erosketetarako . Truke-sistema aurrekoaren antzekoa da, baina berritasunak ditu. Lehena, pertsona bakoitzak 5 bonu erabili ahal izango ditu 4 erabili beharrean. Bigarrena, erabiltzeko adina 18 urtetik 16 urtera jaisten da.

Hirugarren berritasunak erabili ahal izango duten saltokien tipologiari eragiten dio. Saltokiez gain, hiriko merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuak gehitu dira, besteak beste, ile-apaindegiak eta edertasun-zentroak; garbitegiak, tindategiak eta antzeko zerbitzuak; argazki-zerbitzuak; fotokopia-zerbitzuak; markogintza-zerbitzuak, etab.

Beste berritasun bat hau da, deskontu-bonuak trukatzeko bi aldi ezartzen dira, Gabonetako erosketekin bat ez etortzeko. Lehenengo aldia 2021eko urriaren 27an hasi eta abenduaren 5ean amaituko da. Bigarren aldia 2022ko urtarrilaren 10ean hasi eta 2022ko martxoaren 31n amaituko da.

Sustapen-kanpaina

Kanpainaren iraunaldiari, deskontu-bonuen erabilerari eta haiek erabili ahal izango diren saltokiei buruzko informazioa herritarrei emateko, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak dibulgazio-kanpaina bat zabaldu du hedabideetan, sare sozialetan eta kanpoko euskarrietan.

Helburu horrekin, iragarkiak landu dira telebista eta irratirako, baita material grafikoak ere, kontsumitzaileei informazioa emango dietenak atxikitako saltokietan, kanpo-publizitateko elementuetan —MUPIS besteak beste— eta aldiriko tren eta tranbietako euskarrietan.