Artolazabalek dio Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren etorkizuneko legeak “esku-urratzeak” berrezarriko dituela, eta “injustizia” konponduko duela

0

Beatriz Artolazabal, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Justiziaren Batzordean agertu da gaur, berak eskatuta, Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legearen aurreproiektua aurkezteko. Artolazabalek erreparazioaz hitz egin du, Gerra Zibilaren eta Frankismoaren biktimak aipatzeko eta dokumentu legegile honen onespena justifikatzeko.

“Arau-esparrua da, helburu humanista eta humanizatzaile baten zerbitzura dagoena: Gerra Zibilaren eta Diktaduraren biktimen oroimena eta duintasuna berreskuratzea”, esan du sailburuak hitzaldiaren une batean. Artolazabalek argi utzi du, halaber, “ez dela bando-legea; duintasuna berreskuratzeko legea da, itzuli ez zaionari itzultzeko, eskubide-urraketak berrezartzeko eta injustizia konpontzeko”.

Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legearen aurreproiektua uztailaren 27an onartu zuen Gobernu Kontseiluak, eta izapidetze-fasean dago jada Eusko Legebiltzarrean. Ildo horretan, sailburuak “ilusioz beteriko erronkaz” eta “biktimen memoria, errekonozimendua eta erreparazioa sustatzek”o eta printzipio eta balio etiko eta demokratikoak sustatzeko aukera historikoaz hitz egin du. Sailburuak azaldu duenez, horiek dira lege honen helburuak, eta oinarri ditu, berriz, “egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea”.

Eta, ildo horretatik, etorkizuneko legeak proposatzen du biktimentzako urteko oroigarri eta omenaldi egun bat izendatzea.

Beatriz Artolazabalek adierazi duenez, memoria historikoa berreskuratzeko bidea aspaldi hasi zen, eta zehazki 70eko hamarkadaren amaieran eta 80ko hamarkadaren hasieran aipatu da, aintzatespenerako lehen xedapen instituzionalekin. Era berean, oso garrantzitsutzat jo du 2002ko abenduan Ardanza lehendakariarekin batera Gerra Zibilean desagertutako pertsonen hobiak ikertzeko eta aurkitzeko sailen arteko batzorde bat sortzea; garai horretan, Eusko Jaurlaritzaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen arteko lankidetza-hitzarmena ere abiarazi zen, hobi komunak hobitik ateratzeko eta frankismoaren errepresioari buruzko ikerketa egiteko.

Sailburuak bere errepaso historikoa jarraitu du Gogora-Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaz hitz egiten. “Bere sorrera memoriaren politika publikoen instituzionalizazioaren adierazle nagusia da”, esan du. “Ikerketak, txostenak, argitalpenak, Euskadiko hobien mapa mintegiak; gerrako biktimei buruzko datu-basea, 20.000 erregistro baino gehiagorekin; Elgoibarko kolunbarioa, Urduñako etorkizuneko kolunbarioa, Erorien Haranean beren senideak lurpetik ateratzeko eskubidea aitortu dieten euskal familiei laguntzea”, aipatu du sailburuak memoria historikoa berreskuratzeko ibilbidearen erakusle gisa.

Artolazabalek gogorarazi du aurreproiektuak Memoria Historikoko Erakundeen Direktorioa eta arlo horretako Aholku Batzordea sortzea aurreikusten duela, erakunde memorialisten kontsulta- eta partaidetza-organo gisa.

Azalpenaren azken momentuak, sailburuak oroimena eta egia dituen etorkizunaz hitz egin du. “Memoria, egia eta biktimen errekonozimendua guztion ondare demokratikoa dira eta izan behar dute, inoiz ez zatiketarako eta konfrontaziorako tresna”, esan du.

Beatriz Artolazabalek “akordioa eta adostasuna” eskatu du, “pertsonen eta belaunaldi haien sufrimenduari eta duintasunari zor diegulako; eta hurrengo belaunaldiei zor diegu”.