Eusko Jaurlaritzak 50 milioi euro gehiagorekin finantzatuko du «Finkatuz» funtsa 2021ean, 210 milioi eurorarte

0

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak, gaur, “Norbolsa Markets Forum 2021: erronkak errekuperazio-aldi batean” jardunaldian iragarri du, beste 50 milioi euro gehigarri jarriko dituela, 2021ean, Finantzen Euskal Institutuak kudeatzen duen “Finkatuz” funtserako. Hala, finantza-tresna horrek 210 milioi euro izango ditu aurten, eta zenbateko horri gehitu beharko zaizkio 2022. urteko aurrekontu-proiektuan aurreikusitako 50 milioi euroak. Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspena da funtsa horren kapitala legegintzaldian zehar handitzea, 300 milioi eurora iritsi arte.

Azpiazuk topaketa horretan eman du gai horren berri, eta adierazi du une honetan erronka ez dela ekonomiaren susperraldia berez —pandemiaren aurreko normaltasunera itzultzea nahikoa balitz bezala—, baizik eta egin behar ditugun aldaketa sakonen jakitun izatearen beharra, tokian tokiko erantzunak behar dituzten planetako erronkekin lotuta baitaude.

Sektore publikoak lidergo berritua behar du baterako inbertsio publiko pribatu berritzaileak bultza daitezen, enpresa-erabakiak modulatuko dituzten pizgarriak sortu eta jasangarriagoak izan daitezen, eta pertsona eta enpresa ekintzaileekin merkatu berrietan sartu eta kokatzeko arriskuak parteka daitezen.

Praktikan, horrek esanahi du, lehenik eta behin, enpresei lagunduko zaiela errealitate sozioekonomikoaren benetako eraldatzaile izango diren etorkizuneko proiektu estrategikoak identifikatzen eta diseinatzen. Horretarako, finantza-sistema indartuko duten mekanismoak ezarri behar dira, eta enpresa-inbertsioko proiektuetarako finantzaketa egokia lortzeko bidea hobetu behar da —proiektuen tipologia edozein izanik ere (kapitala, zorra, abalak, eta abar) eta bizi-zikloa edozein izanik ere (sorrera, hazkundea edo garapena)—.

Ildo horretatik, Azpiazu sailburuak Finantzen Euskal Institutua euskal finantza-politika artikulatzeaz arduratzen den agentea dela adierazi du, eta, gaur egun, garrantzi berezia duela ekonomia sustatzeko eta garatzeko politikak aktibatzeko garaian, politika horiek ezartzen baitute Euskal Autonomia Erkidegoaren eraldatze-bidea.

“Finkatuz” funtsaz gain, Finantzen Euskal Institutua aztertzen ari da banku-finantzaketa alternatiboak zer aukera eskaintzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoan, batez ere enpresei inbertsio-proiektuak garatzen lagunduko dieten finantzaketa-tresna berritzaileak ezar daitezen, enpresen laguntzarekin.

Azpiazuk aditzera eman duenez, “Europako gobernantza ekonomikoak inbertsioa erraztu behar du”, eta inbertsio horrek susperraldiaren eta eraldaketaren eragile izan behar du.

Eusko Jaurlaritzak 2021ean jarri du abian inbertsioaren aldeko apustua; ildo horretatik, aurtengo aurrekontuetan inbertsioa % 6,4 hazi da, eta I+G arloko inbertsioa % 9,7. Hasierako apustu hori urte honetan bertan indartu da, Lehentasunez Jarduteko Eremuetarako 180 milioi euroko inbertsio-plan gehigarriarekin eta irailean 250 milioi euroko Inbertsio Plan Berezia onartzearekin.

Eusko Jaurlaritzak astearte honetan bertan onartu duen 2022. urteko aurrekontu-proiektuan horren aldeko apustu sendoa egiten da, maila kualitatiboan zein kuantitatiboan. Izan ere, 1.605 milioi euroko inbertsioak aurreikusten ditu, hau da, 2021. urteko aurrekontuetan baino % 50 gehiago.

“Nabarmendu nahi nuke inbertsio-ahalegin hori posible dela erakundeen kaudimenari esker eta gure kontu publikoen kalitateari esker, Egonkortasunerako eta Hazkunderako Ituna babesteko klausula orokorra aktibatzearekin irekitzen den aukera baliatzeko moduan baitaude”, azaldu du.

Inbertsio publikoa, berez, erronka handiei aurre egiteko behar den inbertsioaren zati txiki bat besterik ez da; hartara, ekimen pribatuek eta, bereziki, enpresek eta ekintzaileek funtsezko zeregina beteko dute eraldatze-prozesu horietan.

Azpiazu sailburua konbentzituta dago arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzan dagoela arrakasta.

 

Bilbo, 2021eko urriaren 28a