Beatriz Artolazabalek iragarri du abusuen biktima diren adingabeei arreta emateko Barnahus eredua 2022an jarriko dela abian, eta, horretarako, proiektu pilotua jarriko dela martxan Araban

0

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, Eusko Legebiltzarrean iragarri duenez, abusuen biktima diren adingabeei arreta emateko Barnahuss eredua 2022an jarriko da abian, eta, horretarako, proiektu pilotua jarriko da martxan Araban.

Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak eginiko galderari eman dion ahozko erantzunaren testuinguruan, Artolazabalek argitu du Barnahus ereduaren aplikazioa ez dela bera “Islandian edo Ameriketako Estatu Batuetan eta Danimarkan”, eta iragarri du datorren azaroaren 12an “Save the Childrenek erakundearteko eta sailarteko talde teknikoekin” Euskadiren errealitatera egokitzeko eginiko lana aurkeztuko dela jardunaldi batean.

Sailburuak Etxeabarrietari eskuragarri dagoen informazio guztia eskuratzeko aukera eman dio, eta horren harira esan dio “Legebiltzarreko talde politiko guztiak gonbidatu dituztela jardunaldi horretara, Barnahus eredua Euskadiko errealitatera egokitzeko txosten zehatza ezagutzeko”.

Barnahuss sexu-abusuaren delituen biktima diren adingabeei arreta emateko eredu berria da; haren helburua da espazio berean kasuan esku hartzen duten sail guztiak batzea, bai judizialak bai soziosanitarioak. Hala, biktimek bizi izan dutenaren lekukotza zehatza eta osoa eman ahalko dute, komisarietatik eta ospitaleetatik urrun.

Barnahus eredua ezartzeko lehen urratsa izan da ume eta nerabeenganako sexu-abusuaren arloko erakundearteko eta sailarteko lantalde teknikoa antolatzea; horretarako, Save The Childrenek dinamizazio-lanak egin ditu, UPV/EHUko Psikologia Fakultatearekin elkarlanean. Talde horretan, Justiziako, Talde psikosozialetako, Osasuneko, Hezkuntzako, Segurtasuneko, foru-aldundietako haurren zuzendaritzetako eta Arartekoko ordezkariek parte hartu dute, besteak beste.

Hala, tartean diren eragileen ahalik eta ikuspegi gehien izan dira, eta horrek erraztu egin du diagnostiko bat egiteko orduan eta Barnahus eredua Euskadiren ezaugarri eta berezitasunetara egokitzeko modurik onenari buruzko kalitatezko proposamen batzuk antolatzeko orduan. Lan hori guztia jasotzen duen txostena aurkeztuko da datorren azaroaren 12an.

Artolazabalek eman duen erantzunean iragarri du Barnahus ereduaren proiektu pilotua “datorren urtean” jarriko dela abian, “Arabako lurralde historikoan”, eta esan du “profesionalei prestakuntza emateko lanean” ari direla eta, horretarako, eredu horren ezaugarrietara bereziki egokitzen ari direla.

Sailburuak gogorarazi du proiektu pilotua “haurren eta nerabeen babes-, prebentzio- eta sustapen-esparru zabalagoan” sartzen dela; esparru hori pasa den urriaren 13an aurkeztu zen, Haur eta Nerabeei Arreta Emateko Batzorde Iraunkor Sektorialean bertan. Esparru hori norabide berean eginiko hiru ahalegin osagarrik eratzen dute: Gobernu Kontseiluak haur eta nerabeen eskubideen legearen aurreproiektua onartzeko abian den lana; ‘Haur eta Nerabeenganako indarkeriaren aurkako Euskadiko Estrategia’ren azken garapen-fasea, eta Barnahus eredua bera.

“Sailaren konfigurazioak aukera eman digu proiektu horiei zeharkako ikuspegi koordinatutik abiatuta heltzeko, eta berdintasunaren, justiziaren eta giza eskubideen ikuspegiak ere kontuan izateko”, esan du Beatriz Artolazabalek, Legebiltzarrean esan dituen hitzetan.