Ertzaintza Ataungo zulo abandonatuan aurkitutako materiala ikertzen ari da

0

Ertzaintzako agenteak partikular baten deiari esker aurkitutako zuloa miatzen eta bertan aurkitutako elementuak aztertzen ari dira. ETAk aspaldi abandonatutakoa izan litekeela uste den zuloa astelehenean, hilaren 25ean, aurkitu zuten Ataungo (Gipuzkoa) Aitzarte Aldea inguruan, eta barruan armak eta lehergailuak egiteko materiala aurkitu zituzten.

Zuloa joan den astelehenean aurkitu zuten mendian, nekez iristeko leku batean eta hostoz eta adarrez estalita, eta zulo barruan aurkitutako ebidentzien artean transmisore-hargailu eramangarriak (walki-talkie), metal-biribilkia, kable elektrikoa, torlojuak, subfusilak, kargagailuak, metxa motela, detonagailuak, munizioa, erremintak, eskuz egindako granadak eta eskularruak zeuden.

Ertzaintzako Inteligentzia Bulego Nagusira atxikitako agenteek, Lehergailuak Indargabetzeko Unitatearekin eta Polizia Zientifikoarekin elkarlanean, polizia-eginbideak ireki dituzte, eta ekintza kriminaletan erabili ziren jakiteko dagozkion peritu-azterketak egin ondoren bidaliko dituzte Auzitegi Nazionaleko 1. Instrukzio Epaitegi Zentralera.

ETAren atentatuak argitzea

Zuloa joan den igande arratsaldean Ertzaintza ohartarazi zuen partikular baten deiari esker aurkitu zuten. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du zer-nolako garrantzia duen halako lekuak aurkitzen direnean horren berri Ertzaintzari berehala emateak (112 telefono-zenbakiaren bidez edo edozein ertzain-etxetara deituz), eta ohartarazi du ezer ez dela manipulatu behar, kasu honetan bezala egoera txarrean dauden lehergailuak egon baitaitezke eta arriskutsuak izan baitaitezke.

Zulo honen ikerketa, hemendik aurrera, oraindik argitu gabe dauden ETAren atentatu guztiak argitzen saiatzeko Ertzaintzak egiten duen lan neketsuari gehituko zaio.