Euskadi Bono Denda kanpainak 500.000 merkataritza-bonu jarri ditu zirkulazioan Euskadiko 4.500 establezimendutan

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Euskadi Bono Denda kanpainaren hasiera aztertu du gaur Eusko Legebiltzarrean, galdera parlamentario bati erantzunez. Sailburuak azaldu duenez, hasiera honek “harrera bikaina” izan du, bai atxikitako saltokietan (4.500 inguru), bai herritarren artean; izan ere, lehenengo 2 egunetan 100.000 bonu trukatu dira.

Sailburuak azaldu duenez, sektorearekin batera aurreko kanpainaren balorazio ona egin ondoren, Euskadi Bono Dendaren deialdi berri hau abiaraztea erabaki da, berritasun batzuk gehitzen dituena, hobetzeko asmoz.

Aurreneko erabakia izan da Sailak bideratutako zenbatekoa handitzea. “Sailaren ekarpena handitu dugu 3 milioi eurotik 4,7 milioi eurora. Horren osagarri, orain arte atxikitako udalen milioi erdi euro gehitu dira; guztira 5,1 milioi eta, beraz, 500.000 bonu baino gehiago” azaldu du sailburuak.

Bigarren berritasuna pertsona bakoitzeko bonu kopurua 4tik 5era handitzea izan da, “kontsumitzaileei laguntza handiagoa emateko” eta, gainera, bonua erabiltzeko adina 18 urtetik 16 urtera jaitsi da; “tokiko merkataritzan erosketak sustatzea da horren helburuak, online merkataritza erabiltzera ohituagoa dagoen kolektibo batean, eta hurbileko kontsumo baterantz erakartzea”.

Laugarren berritasuna, sektorearen eskaerei erantzunez, bonua trukatzeko bi epe irekitzea izan da, Gabonetako erosketekin bat ez etortzeko. Abenduaren 5era arte erabili ahal izango dira bonuak lehenengo fase honetan. Bigarren aldia 2022ko urtarrilaren 10ean hasi eta martxoaren 31n amaituko da.

Azkeneko berritasunak “garrantzi berezia” duela adierazi du sailburuak, zuzenean eragiten baitie erabili ahal izango duten establezimenduen tipologiari eta kopuruari. Hiriko merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuak gehitu dira, besteak beste, ile-apaindegiak eta edertasun-zentroak; garbitegiak eta tindategiak; argazki-zerbitzuak; fotokopia-zerbitzuak; markogintza-zerbitzuak eta mota desberdinetako konponketa-establezimenduak.

Euskadi Bono Denda kanpaina hasi denetik 2 egun igaro ondoren, “aurreratu dezakegu bigarren edizio hau harrera bikaina izaten ari dela”, sailburuaren hitzetan. Lehenik, saltokien aldetik, 4.500 saltoki inguru atxiki baitira, azken deialdian baino 1.500 gehiago, hau da, % 55eko gehikuntza. Horietatik % 47 Bizkaikoak dira, % 41 Gipuzkoakoak eta % 12 Arabakoak. Atxikitako saltokien % 43 modarekin, ehungintzarekin eta oinetakoekin lotutakoak dira.

Harrera positiboa izan da ere herritarren erantzunagatik. Lehenengo 2 egun hauetan 85.000 bonu trukatu dira dagoeneko, hau da, bonu guztien % 20, Bizkaian gehienak (% 60), eta ondoren Gipuzkoan (% 23) eta Araban (% 17).