Astekonomia Euskadiko enplegu-tasaren gorakadari begira dago

0

Biztanleria Aktiboaren Inkestak argitaratu duenez, EAEko enplegu tasa lan egiteko adinean (16 eta 64 urte bitartekoa) dagoen biztanleriaren %68,8 izan zen aurtengo hirugarren hiruhilekoan. Historiako bigarren tasarik altuena da, 2019ko bigarren hiruhilekoan erregistratu zen %69,1aren ondoren. Gizonena %71,7 izan zen eta emakumeena, berriz, %65,9.

Horixe da Astekonomia txostenak eskaintzen duen adierazle ekonomikoen asteko laburpena abiarazteko gaia.

Bestalde, laburpen honetan jasotzen denez, irailean azalera handietako eta elikadura-kate handietako salmentak % 2,5 murriztu ziren urte batetik bestera. Hala ere, azken urteetako mailarik handienetakoa izaten jarraitzen du. Nabarmentzekoa da, gainera, jarduera adar horretako enplegua %5,3 hazi zela aurreko urtearen aldean.

Azkenik, Abuztuan, etxebizitzen gaineko 1.576 hipoteka sinatu ziren EAEn, hau da, aurreko urtean baino %37,4 gehiago. Kopuru hori 2018ko hil berekoaren antzekoa da, eta, aldi berean, azken hamaika urteetako handiena. Era berean, hipoteka horien zenbatekoa 2020ko abuztukoa baino %42,2 handiagoa izan zen.

Asteko laburpen hau Ekonomia Zuzendaritzak egiten du, « Astekonomia » izenarekin, eta minutu bateko iraupena duten bideo horietarako oinarri gisa balio du, gutxi gorabehera. Horrela, Ekonomia eta Ogasun Sailak era honetako edukiak zabaltzeko modu berri bat eskaintzen du bere irismena zabaltzeko; kasu honetan, ikus-entzunezko formatuan. Sail honek sare sozialetan (Instagram, Lindekin, Youtube eta Twitter) eta Irekian dituen profiletan partekatzen dira bideo horiek.