Hiriguneetako gazteek euskarazko kulturarekin duten harremanaz hausnartuko da ‘IGO BOLUMENA!’ jardunaldian

0

Hiriguneetako gazteak eta euskarazko kultura. Bi aldagai horien barruan sartzen denaz hausnartuko da abenduaren 2an Barakaldon. IGO BOLUMENA! Euskara. Kultura. Transmisioa. Ertzetatik jardunaldia izango da horretarako zita, eta Ahize-AEK-k bertan aurkeztuko du #Damolat unitate didaktikoa. Proiektuaren helburua argia da: hirigunetako gazteen artean euskararen eta euskarazko kulturaren transmisioa eta berrartikulazioa bultzatzea. Horretarako diseinatu dute unitate didaktikoa, eta behin jardunaldietan aurkeztuta, materiala doan jarriko zaie eskuragarri euskarazko kultura gazteen artean sustatzen diharduten eragileei: irakasleei, euskara zein kultura teknikariei, gazte teknikariei, erakundeei, gaztetxeei… Unitate didaktikoaren lanketa Ahize-AEK aholkularitza zerbitzuak egin du –Ikastolen Elkartea ari da diseinu lanak egiten–, eta jardunaldiak ere eurek antolatu dute, erakunde publikoen babesarekin. #Damolat proiektua diruz lagundu du Bizkaiko Foru Aldundiak, eta IGO BOLUMENA! jardunaldiak, berriz, honako instituzioen laguntza jaso du: Barakaldoko Udalarena, Bizkaiko Foru Aldundiarena eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailarena.

Jardunaldia gaur goizean aurkeztu da Barakaldoko BIC Bizkaia Ezkerraldean zentroan, eta proiektuaren parte izan diren eragile denetako ordezkariak izan dira bertan: Miren Dobaran (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika sailburuordea), Xabier Arauzo (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria), Iratxe Foces (Barakaldoko Euskara zinegotzia), Alizia Iribarren (AEK-ko koordinatzaile nagusia) eta Naroa Jauregizuria (Ahize-AEK-ko aholkularia eta proiektuaren arduraduna).

 

Informazio gehiago hemen.