24 milioi euro hezkuntza sailaren HEZKOOP-2021 deialdirako

0

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez gaurko bileran onartu du, titularitatez kooperatiba edo fundazio diren itunpeko ikastetxeetako inbertsioak finantzatzeko dirulaguntzak deitzen dituen agindua (HEZKOOP-2021).

Agindu honek 24.192.000 euroko zenbateko globala duten dirulaguntzak deitzea du helburu, itunpeko ikastetxeen titularrak diren irakaskuntza-kooperatibek edo fundazioek hitzartutako maileguak finantzatzeko. Mailegu horiek, hezkuntzan erabiltzeko eraikinak eskuratzera bideratuak izan beharko dute, edo eraikin berriak egitera, daudenak handitzera, ordezkatzera edo indarrean den legeriak exijitutako baldintzetara egokitzera bideratutako inbertsioak egiteko.

Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Hezkuntza Berezian ituna duten ikastetxeek lortu ahal izango dute dirulaguntza, baldintza hauetakoren bat betetzen badute: irakaskuntza-kooperatiba gisa eratuta egotea; edo fundazio gisa eratuta egotea. Fundazioen kasuan betiere estatutuetan honako baldintza hau eduki beharko dute finkatuta: fundazioa desagertuz gero, likidatzeko operazioen ondoriozko ondasun guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari emango zaizkiola.

Halaber, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeek ere lortu ahal izango dituzte dirulaguntzak, baldin eta haien bazkide nagusien artean Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo Hezkuntza Berezia eman eta itunduta duen ikastetxe kooperatibo bat badute eta gorago aipatutako baldintzetako bat betetzen badute.

Diruz laguntzeko modukoak  dira ikastetxeen titularrek 50.000 euroko edo goragoko zenbatekoan hitzartutako maileguak, inbertsioak bukatzeko epea 2018ko urtarrilaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitartekoa bada.

Diruz lagundu daitezkeen maileguekin finantzatutako inbertsioek baldintza hauek bete beharko dituzte: ikastetxeetan behin-behinekotasuneko egoerak desagerrarazten lagunduko duten inbertsioak izatea (behin-behineko egoeratzat hartzen dira alokairuko lokalak, aurrefabrikatutako ikasgelak, etxebizitzetako behe-solairuak edo eskolatzeko egoki jotzen ez diren eremuak). Era berean, diruz laguntzekoak izango dira ikastetxeetako espazioak zabaltzen dituzten  inbertsioak ere, ikastetxe horiek nahikoa leku ez badute.

Diru-laguntzaren zenbatekoa, gehienez ere, amortizazioaren eta 8 urterako eta kuota finkoko maileguaren interesaren % 50ekoa izango da.

Hezkuntza zentroen titular diren kooperatiba eta fundazioek finantza-ahalegin handia egiten dute euren eraikin eta instalazioak legediak eskatzen dituen betebeharretara egokitzeko. Errealitate horretaz jabetuta, Hezkuntza Sailak ikastetxeen finantza-karga arintzen laguntzen du deialdi honen bidez.