Euskara eta aniztasuna lantzeko mintza-bikote programa abian jarriko du Azpeitiko udalak

0
Munduko txoko ezberdinetatik etorritako zein bertan jaiotako azpeitiarrak elkar ezagutu eta elkarrekin harremanak sortzeko proiektua jarriko du martxan Azpeitiko udalak. Zubi lanak, hizkuntzak egingo ditu: euskarak. Hala, euskaraz hitz egiteko bikote linguistikoak sortzea eta elkarrekin euskaraz hitz egiteko gelditzea da helburua. Hala, euskara bizikidetza eta elkar ezagutzarako tresna bihurtuko da.

Programan 18 urtetik gora dituzten azpeitiarrek har dezakete parte. Alde batetik, euskaraz hitz egiten ikasi edo hobetu nahi dutenak egongo dira; horretarako ezinbestekoa izango da oinarri-oinarrizko euskararen ezagutza izatea, eta euskalduntze-prozesuan egotea hobetsiko da. Bestetik, euskaraz dakiten herritarrak egongo dira; horiek bideratuko dituzte elkarrizketak, hasieran behintzat.

“Herritarren arteko elkar ezagutza sustatu nahi dugu ekimen honen bidez. Elkar ezagutzen bidez integrazioa bultzatu nahi dugu, zubiak eraiki eta horretarako euskarak gure herrian aukera paregabea eskaintzen digu”, adierazi du Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak. Euskaraz dakitenak zein ikasten ari direnak, Azpeitian jaiotakoak zein munduko hainbat txokotatik etorritako azpeitiarrek proiektuan parte hartzera ere animatu ditu: “Elkarrekin egoteko, elkar entzuteko eta elkar ezagutzeko aukera elkarri eskaintzea. Horixe da helburua”, gaineratu du.

Baina zein izango da egitekoa?

Proiektuan parte hartzeko interesa duten pertsonek, bai euskara hobetu zein euskara hobetzen lagundu nahi dutenek, udaletxeko Gizarte Zerbitzuetan izena eman beharko dute. Izen ematen duten pertsonekin bikoteak osatuko dira eta gutxienez, ordubeteko 10 egiteko kornpromisoa hartuko dute parte hartzaileek. Lekua eta ordua bikote bakoitzak zehaztuko du.

Izena eman edo informazio gehaigo nahi duten pertsonek Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo beharko dute edo 943-54 41 84 edo 943-15 71 92 telefonora deitu edo narroita@azpeitia.eus helbidera idatzi dezakete, astelehenetik ostiralera 9:00etatik 14:00ak bitartean. Izena ematen dutenei elkarrizketa txiki bat egingo zaie, bikoteak osatzerakoan kontuan izateko gustu, ordutegi eta bestelakoak.