Donostiak ReaktibaT programa aktibatuko du

0

Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bidez, berriro ekin dio ReaktivaT programari. Egitasmo horrek lan munduan orientatzeko, trebatzeko eta integratzeko ibilbide osoak biltzen ditu; lana lortzeko zailtasunak dituzten langabeei zuzendurik dago, eta, bereziki, 45 urtetik gorako pertsonei, horiek baitira hiriko langabe guztien % 55. Iaz 200 bat pertsonak hartu zuten parte programan eta % 25ek lana lortu zuten.

Pertsona horiek lana eskuratzeko gaitasun handiagoa izatea da helburua. Programak arreta berezia eskainiko die emakumeen kolektiboari eta kualifikazio txikiko pertsonei; aukera sektoreetan identifikatuko ditu enplegu-eskaintzak, eta kontratazio laguntzak eskainiko dizkie programan parte hartzen duten pertsonak kontratatzen dituzten enpresei.

Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak adierazi duenez, “enplegua lehen mailako lehentasun politiko, sozial eta ekonomikoa da. Horregatik, beharrezko baliabideak ipiniko ditugu pertsona guztiek kalitatezko enplegua izan dezaten, eta, hala, bizi ibilbide duin bat egin ahal izateko. Sentsibilitate bereziko plana da, diskriminazio positiboa egiten baitu emakumeen, 45 urtetik gorakoen eta lanbide kualifikazio txikiko pertsonen alde. Tresnak eskaini nahi dizkiegu horiei, lana aurkitzen laguntzeko”.

ReaktivaT programaren helburu nagusia da parte hartzaileek enplegua aurkitzeko duten gaitasuna areagotzea, batez ere 45 urtetik gorakoekin eta langabeekin pentsaturik. Lanean errazago txerta daitezen, programak hainbat ibilbide eskainiko dizkie, hala nola banakako orientazioa, gaitasun berriak eskuratzea edo profesionaltasun ziurtagiriak. Era berean, bitartekaritza zerbitzu bat eskainiko da proiektuan parte hartzen duten pertsonen eta haien profilekin bat datozen lan aukera lokalizatuen artean. Orobat, kontratatzeko laguntzak ere emango zaizkie enplegua eskaintzen duten enpresei.

ReaktivaT programak 522.504 euroko aurrekontua du, eta Donostiako Sustapenak finantzatzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin –Elkarrekin Lanean programaren bidez– eta Eusko Jaurlaritzarekin batera –Lanbideren prestakuntza proiektu berezien bidez–.