Santa Klara komentuaren erosketa

0

Xabier Txurruka alkateak, Udalaren ordezkari gisa, Santa Klara komentuaren eta inguruko lurren erosketa kontratua sinatu du Maria Jesus Odriozola, Bidaurretako Hirutasun Guztiz Santuaren monasterioko klaratarren Ama Abadesarekin batera.

Erosketaren guztizko prezioa 5.129.422,98 eurokoa da, lau urtetan ordainduko direnak: zehazki, 2024 urtea bitartean, urtean 1.282.355,75 euro ordainduko dira.

«Zarauzko herriarentzat albiste oso ona da. Alde batetik, komentua osatzen duen eraikin-multzoak zarauztarren onurarako erabilera publikoa izango duelako etorkizunean, eta bestetik, komentua inguratzen duten lurrak Salberdin, Azken Portu eta Santa Klara kaleko urbanizazioetako espazio libreetara batuz, Zarauzko erdigunean birika berde paregabea osatuko delako” adierazi du Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkateak.

Komentuaren eta inguruko lurren salerosketa formalizatu ondoren, Udalak emango duen hurrengo urratsa “komentuaren eraikina osatzen duten gune eta eraikin beraren egoeraren azterketa sakona egitea” izango dela aurreratu du alkateak, ondoren “herritarrekin, eraikin-multzoaren etorkizuneko erabileren inguruko parte hartze prozesua irekitzeko“.

Maria Jesus Odriozola Ama Abadesak, Bidaurretako Monasterioko Ahizpa Klaratarren Komunitatearen poza adierazi du, «Zarauzko Ahizpen hasierako nahia bete delako: hau da, monasterioa Zarauzko herriarentzat eta zarauztarren erabilera publikorako izatea».

Datorren urterako, Udalak bisita gidatuak antolatuko dituela aurreratu du alkateak, «zarauztarrek bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dezaten herriaren historiaren zati garrantzitsu bat den eraikin-multzo hau.»