Lehendakariak Agour Etxea gaztandegiaren Lizartzako instalazio berriak inauguratu ditu

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak Agour Etxea gaztandegiaren Lizartzako instalazio berriak inauguratu ditu; eta bertan, ongi etorria eman eta etorkizun hoberena opa izan die. Gaztandegi honek bi aldiz irabazi du World Cheese Awards lehiaketa.

Bere hitzaldian, Lehendakariak artzantzaren sektoreak Euskadin duen garrantzia azpimarratu nahi izan du, izan ere, artzantzak hainbat eginkizun betetzen ditu gure gizartean: ekonomiarekin lotuta bai; baina baita paisaiarekin, kulturarekin edo ingurumenaren zaintzarekin ere. “Artzantzari merezi duen aitormena eskaintzen zaio Agour Etxe honetan. Artzantzari “zor” diogu goi mailako ardi esnea gozatu ahal izatea”, gaineratu du. Zentzu honetan, Lehendakariak adierazi du esne sektorearen etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa dela errentagarritasuna eta gizartearen onarpena uztartzea, eta hain zuzen ere, bi oinarri horiek elkartzen dira gaur aurkezten den proiektu berri honetan ere.

Agour Etxeak artzantzaren kultura hori jaso eta esnea ardatz hartuta, esnekien dibertsifikazioa bultzatzen du. Horrela, produktu bat baino gehiago jarriz gure etxe, denda edo jatetxeetan. Zentzu honetan, Lehendakariak nabarmendu du Agour Etxea artzantza eta esne sektorea bultzatzeko, kalitateko esnekiak eskaintzeko jaio dela, baita gure kultura, bizi modua, garapena eta nortasuna indartzeko ere. “Iragana eta etorkizuna, natura eta ekoizpena, artzantza eta esnekien dibertsifikazioa, elkartzen dira Etxe honetan. Baita ere, gure Herriaren Iparraldea eta Hegoaldea”, esan du Lehendakariak.

Irunzubiko irekiera ekitaldian, Agour gaztandegi berriaren instalazioak bisitatzeko aukera izan dute bertaratutakoek, baita hainbat musika emanaldi eta dantzaz gozatzeko aukera ere. Gainera, ekitaldian dominak eman zaizkie Kofradia-Le Guilde des Fromagers elkarteko kide berriei; besteak beste, lehendakariak Portecteur izendapena ematen dion domina jaso du.

AGOUR

Agour duela 37 urte sortu zen Euskal Herriaren Iparraldearen bihotzean, Heletan hain zuzen ere. Urte hauetan gaztandegia handituz joan da, eta Iratin lantegi berri batekin negozioa handitu ondoren, proiektua indartu eta zabaldu egin da orain Lizartzan. Lizartzako lantegi berrian gazta berriak egitearen aldeko apustua egin du, Idiazabal gazta eta gazta urdina, besteak beste.

Aipatzekoa da Agour marka berak urdaiazpikoa eta era guztietako hestebeteak ere merkaturatzen dituela, baita artisau-gozogintza ere, Casa Eceiza bere taldean sartuta.