Ertzaintzako Ingurumen eta Hirigintza Atala Legebiltzarraren aurrera agertu da erabat espezializatutako talde honen lana azaltzera

0

Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko burua eta Ingurumen eta Hirigintza Atalekoa Legebiltzarraren aurrera agertu dira gaur goizean erabat gaitutako eta espezializatutako Ertzaintzako atal honen lana azaltzera. Esku-hartzean taldeak egiten duen lan bikaina laburbildu dute bi buruek. Taldea, besteak beste  prebentzio, ikerketa eta inteligentzia mailan aholkularitza-lan teknikoa egiteaz arduratzen da. Gainera, delitu larriak instruitzeaz eta delitu larrien eginbideak irekitzeaz ere arduratzen da, argitzeko ezagutza tekniko aurreratuak behar badira.

73 ikerketa

2019 eta 2021 artean Ingurumen eta Hirigintzako Delituen Atal Nagusiak ustezko 73 delitu ikertu ditu Euskadin fiskaltza adituekin eta instrukzioko epaitegiekin lankidetzan. Erregistratu diren eginbide gehienak (atxikitako taulan) isuri kutsatzaileekin eta basoko suteekin lotuta daude:

  • 24 eginbide baliabide naturalekin zerikusia duten ikerketekin lotuta daude, eta hor sartzen dira azaleko ur kontinentaletako isuriak, era guztietakoak. Atal honetan zigor-arloko arau-haustetzat hartzen dira uretako faunaren heriotza ugari eragiten dituztenak edo isuriaren ezaugarrien ondorioz ingurumenean kalte esanguratsuak eragin ditzaketenak.
  • Basoko suteek beste 16 ikerketa eragin dituzte 2019 eta 2021 artean. Alde horretatik, 2021eko lanik aipagarriena Foruzaingoarekin lankidetzan egin da, otsailean Nafarroako Foru Erkidegoan eta Gipuzkoako Bidasoaldean, bai eta Iparraldean ere, ia 2.000 hektarea erre zituen suteari buruzkoa. Atalaren eskumenekoak dira 40 hektareatik gora erretzen dituzten edo, azalera txikiagoa izanda ere, ingurumenean kaltea eragiten duten, natur gune babesturen bati eragiten dioten eta kasuarekin zerikusia duen larrialdietako edozein plan aktibatzea eskatzen duten suteak.
  • 16 ikerketa florarekin eta faunarekin lotuta daude.
  • 7 kasu eginbidetu dira animalien aurkako tratu txarrengatik.
  • 5 ikerketa egin dira ondare historiko-arkeologikoaren aurkako delituengatik. Nabarmentzekoak dira Arabako Lurralde Historikoan, bertako aztarnategietako aztarna historikoen lapurretak argitzeko gauzatu ziren “Ondare” eta “Burdin” operatiboak. Salaketen kargu Ingurumen eta Hirigintza Atal honetako Kultura Ondarearen aurkako delituen ikerketan espezializatutako agenteak egin ziren.
  • Gainerako ikerketek agiriak faltsutzearekin, lurralde-antolamenduarekin eta hirigintzarekin dute zerikusia, eta zuhurtziagabekeriazko giza hilketa bat ere badago tartean. Talde honen lanik aipagarriena 2020ko otsailaren 6an Zaldibarko zabortegian gertatutako zabor-masaren irristatzearen ingurukoa izan da, Joaquín Beltránen eta Alberto Sololuzeren desagerpena eta heriotza eragiteaz gainera, ingurumenean kalte handiak egin zituena. Ertzaintzako Ingurumen eta Hirigintza Atala, Polizia Judizial gisa, ari da arduratzen egitateak argitzeko ikerketaz Durangoko lehen auzialdiko eta instrukzioko 1. eta 2. Epaitegiek irekitako bi prozedura judizialetan.  Alde horretatik, talde hau ari da proba espezifikoak, espezializatuak eta diziplina anitzekoak egiten: lekukoen deklarazioak, begi-ikuskapen tekniko eta polizialak, perituen txostenak, sartze eta miaketak, etab.

Delitu ekologikoei buruzko formakuntza eta aholkularitza teknikoa

Atal espezializatu hau une hauetan 22 kasutan ari da beste polizia-unitate batzuei aholku ematen natura baliabideekin (isuriak), animalien aurkako tratu txarrekin, ondare historikoarekin, flora eta faunarekin edo basoko suteekin zerikusia duten gaietan.

Horrez gainera, taldeak ingurumenaren arloko formakuntza ematen du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian landa-inguruneko patruilentzat, oinarrizko ikastaroetan, udaltzainentzat, kategoriaz igotzeko ikastaroetan eta ikerketa kriminalaren arloan. 2015etik gaur arte guztira 191 formakuntza-saio egin dira akademian.

Etorkizunera begira

Ertzaintzako Ingurumen eta Hirigintza Atalaren hobekuntza-aukeren artean, honakoak azpimarratu dituzte arduradunek:

  1. Beste administrazio eta erakunde publiko eta pribatu batzuekin aliantzak sustatzea eta lankidetza-lana bultzatzea.
  2. Oinarrizko formakuntza homogeneoa areagotzea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian prestatzen diren agente berrientzat eta espezializazio-ikastaroetan eta kategoriaz igotzekoetan.
  3. Ertzaintzaren ingurumenaren arloko ikerketak gainbegiratzeko lanak hobetzea.