Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asiloko zuzendariak, gaur, Atlantikoko Migrazioen Topaketaren inaugurazio-ekitaldian parte hartu du; ekitaldia Kanaria Handietan izan da, eta Kanarietako eta EAEko gobernuek antolatu dute batera. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Beatriz Artolazabalek zuzentzen duenak, azken urteotan sustatu dituen ekimenen berri eman du Legarretak.
Era berean, Legarretak SHARE proposamenaren balioa nabarmendu du, bai eta Euskadira iristen diren iragaitzazko migratzaileei ematen zaizkien erantzunak, Euskarri estrategia, Babes Komunitarioa eta Migraziorako EAEko Itun Soziala ere. Ekimen horiek guztiak, azaldu duenez, Europar Batasuna abian jartzen ari den jarduketen abangoardian daude.
Migrazio eta Asiloko zuzendariak esan du, Europako alde askotan gertatzen den bezala, “immigrazioa Euskadira geratzeko iritsi dela, Batasuneko eskualdeek partekatu beharreko proportzioan”.
Era berean, erantzukizunak partekatu behar direla nabarmendu du: “Euskadin migrazio-fenomenoei modu antolatuan eta elkartasunean oinarrituta erantzuteko sistema sortu dugu, gure eskumen-eremutik haratago, eta errealitate aldakor bati erantzuteko ahalegina egiten dugu, baina ez da nahikoa. Ondo legoke estatuz azpiko gobernuek estatuetako gobernuei fenomenoari erantzunak emateko konpromisoa hartu beharra dagoela adieraztea”, esan du.