OSAKIDETZAK GRIPEAREN AURKAKO TXERTAKETA HERRITAR GUZTIEI ZABALDU DIE

0

Astelehenetik aurrera, hilaren 15etik aurrera, nahi duenak hitzordua eskatu ahalko du txertoa hartzeko, nahiz eta arrisku-taldean ez egon

Gaur arte, Osakidetzak 287.500 dosi baino gehiago eman ditu; % 82, 65 urtekoei edo gehiagokoei

Osakidetzak gripearen aurkako txertaketa-kanpainarekin jarraitzen du, eta, datorren astean, euskal herritar orok hitzordua hartzeko aukera irekiko du. Azaroaren 15etik aurrera, gripearen aurkako txertoa jarri nahi duen edonork jarri ahalko du, nahiz eta arrisku-taldean ez egon. Pasa den urriaren 18an kanpaina abiarazi zenetik, Osakidetzak 287.500 dosi baino gehiago eman ditu; % 82, 65 urtekoei edo gehiagokoei.

Aste honen amaiera arte, kolektibo horrek jarraitzen du deiaren erdigune izaten, 65 urte baino gehiagokoen kolektiboak, bai eta gaixotasun kronikoren bat dutenenak edo haurdun dauden emakumeenak ere, haiek baitaude arrisku-taldeetan. Hala ere, datorren astetik aurrera, nahi duten pertsona guztiei emango zaie txertoa, iaz egin zen bezala, immunitate kolektibo handiagoa lortzeko.

Astelehenetik aurrera, hitzordua hartzeko, Osakidetzak gomendatzen du bere web-orria erabiltzea, telefono-lineak osasun-asistentziarako libre uzteko; baina online tresna horren bidez hitzordua hartzeko arazoa dutenek osasun-zentrora deitu ahalko dute, hala ere. Deitzean, emango dizkieten aukerei jarraikiz, 2. tekla sakatu beharko dute, hitzordua emateko.

Pasa den urriaren 18an kanpaina abiarazi zenetik, Osakidetzak 287.500 dosi baino gehiago eman ditu. Datu hori 2019koarekin alderatzean ikusiko dugu % 30 dosi gehiago eman direla, baina 2020an baino % 15 gutxiago, kontuan hartuta 2020an, pandemiaren ondorioz, salbuespenezko parte-hartzea izan zela.

Dosi gehienak 65 urtekoei edo gehiagokoei eman zaizkie; zehazki, emandako guztien % 82. Eta nabarmendu behar da 70 urte edo gehiago dituztenetan gripearen aurkako txertoa hartu dutenen artean, % 35i aldi berean Covid-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia jarri zaiela. Komeni da gogoraraztea hori hala egin ahal izateko, bigarren txertoa hartu denetik sei hil baino gehiago igaro behar izan direla.

Gripearen aurtengo kanpainarako, Osakidetzak laubalioko txertoa aukeratu du, gripearen anduien aurkako babesa areagotzen baitu. Zehazki, 651.333 dosi eskuratu ditu, guztira; kopuru hori handitu ahalko da, beste % 20 ere, eskari handiagoa badago.

Txertoa jartzeaz gainera, Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazten dute gripea prebeni daitekeela, baldin eta neurri batzuk betetzen badira, besteak beste: eskuen higienea, jendetzak saihestea, espazio itxiak aireztatzea eta maskara erabiltzea, azken hori nahitaezkoa dela kontuan hartuta, bai barrualdeetan bai kanpoaldeetan, baldin eta segurtasun-distantzia gorde ezin bada.