Eusko Jaurlaritzak argitalpen baten bidez emango du Euskadiko Larrialdiei Aurre Egiteko Zerbitzuak egiten duen lanaren berri

0

Fernando Izaguirre Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria eta José Ignacio Trancho 112 Sos Deiak Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren arduraduna Eusko Legebiltzarraren aurrera agertu dira gaur Euskadiko Larrialdiei Aurre Egiteko Zerbitzuaren sarea, antolaketa eta funtzionamendua azaltzera eta aurreikusitako etorkizuneko proiektuen berri ematera.

Esku-hartzeetan biek nabarmendu dute euskal sistemaren berezitasuna, eta indargunea larrialdien arloan eskumenak dituzten erakundeen arteko (Ertzaintza, udaltzaingoak, suhiltzailea, Osakidetza, etab.) elkarlan estua dela adierazi dute, baina baita lankidetza publiko eta pribatuen sare sinkronizatu garrantzitsua ere (Gurutze Gorria, DYA, Babes Zibileko boluntarioak, Euskadiko Laguntza Txakurren Taldea, Euskal Espeleologoen Elkargoa, etab.).

Bestalde, muturreko fenomeno meteorologikoak iragartzeko eta horien jarraipena egiteko protokoloa, larrialdi kimikoetako abisu-sistema eta taktika operatiboak ere azaldu dituzte beste hainbat gairen artean. Iragarpenei eta prebentzioari esker, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemak arriskuei aurrea har diezaieke eta arrisku horiek gauzatuko balira pertsonengan nahiz elkarbizitza demokratikoan eragin ditzaketen kalteak eragotzi –edo arindu– ditzake.

Lan horren berri emateko, Eusko Jaurlaritzak argitalpen bat prestatu du, eta legebiltzar-taldeei banatu die eta herritarren esku ere jarriko du giza talde profesional eta diziplina anitzeko honek pertsonen, ondasunen eta ondare kolektiboaren gaineko kalteak eragozteko, murrizteko edo zuzentzeko egiten duen lan bikaina azaltzeko.