Artolazabal Berdintasuneko sailburua da genero-indarkeriaren biktimei arreta ematen espezializatutako taldeen bileraren buru

0

Beatriz Artolazabal, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei laguntzeko talde espezializatuen lehen bileraren buru izan da gaur. Topaketak balio izan du ordezkatutako zerbitzu bakoitzak bere lan jarraibideak eta jarduteko metodologia mahai gainean jartzeko, haien koordinazioa hobetzeko. Berdintasuneko kontseilariak adierazi duenez, ideia da lan-batasuna definitzea, emakumeak ez birbiktimitzatzeko.

Topaketa SATEVIren egoitzan egin da, 900 840 111 telefonozko arreta-zerbitzuan, Bilbon, eta hamar bat zerbitzuk hartu dute parte, tratu txarren biktimei eta hainbat arlotakoak direnei laguntzeko. Horrela, sailburuarekin batera ordezkatuta egon dira Gizarte Zerbitzuetako Zuzendaritza, ordainketa bakarraren kudeaketarekin eta SATEVI; Emakumearen aurkako Indarkeria Koordinatzeko Zentroa, Biktimari Laguntzeko Zerbitzua (BLZ), Zurekin laguntza-programa eta Familia Elkarguneak, Justizia Zuzendaritzarena; baita Emakunde eta Ertzaintzaren Indarkeria Matxistaren aurkako Polizia Unitatea, Segurtasun Sailekoa ere.

“Berdintasunerako sailburu gisa, entzun egin nahi zaituztet” esan die Beatriz Artolazabalek. “Baina zuen harremanak eta sareko lana areagotzeko ere eskatu nahi dizuet”. Sailburuak eskatu du azaltzeko zertan ari diren “emakume biktimen arreta hobetzeko” eta zein egoera berri atzematen ari diren “haien prebentzioan aurrea har dezagun”.

“Indarkeria matxistaren biktimei informazioa eta laguntza emateko” Eusko Jaurlaritzak bultzatutako hogei bat programa eta zerbitzu baino gehiago zerrendatu ondoren, Berdintasun sailburuak “udalek eta aldundiek egindako lana” nabarmendu du.

“Gure talde teknikoei udaletako gizarte zerbitzuak eta foru aldundien programa ugariak gehitu behar zaizkie, Emakundek koordinatutako bigarren hitzarmenaren Jarraipen Batzordearen esparruan” esan du.

Artolazabalek gogoeta egin du biktimei laguntzeko aukerak areagotzearen garrantziaz. “Arreta pertsonalizatua jasotzeko ate ugari izatea abantaila bat izan daiteke eta izan behar du, baina soilik ondo koordinatzeko eta birbiktimizazioa saihesteko gai bagara”, nabarmendu du sailburuak. Halaber, “sarrera anitzeko ateak” izateko beharra azpimarratu du, “baina erakunde publikoek arreta integrala eta integratua eskaintzeko gai izanda”.

Datuak

Beatriz Artolazabalek emakumeenganako indarkeriari buruzko datu batzuk eman ditu bere hitzaldian. Ildo horretan, esan du SATEVIk 2.421 dei erantzun dituela aurten.

Horrekin batera, eta Emakundek jasotako segurtasun-datuen arabera, polizia-jardunak 4.003 izan dira 2021eko lehen bederatzi hilabeteetan; horietatik 2.400 salaketak izan dira, eta 1.603, ofiziozko esku-hartzeak. Kasu guztietatik, 2.838 bikoteak edo bikote ohiak eragindako indarkeriagatik izan ziren; 853 familia barruko indarkeriagatik (bikotea edo bikotekide ohia izan ezik) eta 312 sexu-askatasunaren aurkako delituengatik.

Lurraldeen araberako banaketari dagokionez, 601 jarduketa Arabari dagozkio; 2.147, Bizkaiari, eta 1.255, Gipuzkoari.

“Guretzat porrota da emakume bat tratu txarrak jasotzen dituen bakoitzean. Emakume horietako bakoitzagatik, ahaleginak areagotu behar ditugu. Indarkeria matxistaren aurkako borroka lehentasunezkoa da Eusko Jaurlaritzarentzat eta hemen ordezkatuta zaudeten taldeentzat”, esan du Berdintasun sailburuak, Beatriz Artolazabalek.