Foru Aldundiek indarrean dagoen araudia egokituko dute, Konstituzio auzitegiak udal-gainbalioari buruz emandako epaiaren ondoren

0

Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoa bildu da gaur, modu koordinatuan aztertzeko nola egokitu behar zaizkion Konstituzio Auzitegiaren azken epaiari Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zerga arautzen duten foru-xedapenak. Izatez, Konstituzio Auzitegiaren epaiak deusez deklaratzen ditu udal-gainbalio deituriko zerga hori arautzen duen Estatuko legearen artikulu jakin batzuk.

Organo hori osatzen dute Eusko Jaurlaritzako hiru ordezkarik, foru-aldundietako hiru ordezkarik —Foru Aldundi bakoitzeko bat— eta Euskal Autonomia Erkidegoko udaletako hiru ordezkarik —tokiko zergei buruzko gaiak jorratzen direnean sartzen direnak Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoan—. Organo horren helburua nagusia da foru-aldundien arteko harmonizazioa, koordinazioa eta lankidetza sustatzea haien zerga-eskumenen barruan, betiere zerga-kudeaketan efikazia handiagoa lortze aldera.

Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoan ordezkatuta dauden erakundeen iritziz, Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergaren zerga-oinarria zehazteko erregulazioa oso antzekoa da foru-araudian eta Konstituzioaren aurkakotzat jo den Estatuko araudian; hori dela eta, hiru foru-aldundiek, segurtasun juridikoagatik eta premiaz, egin dituzte zergaren erregulazioa Konstituzio Auzitegiaren epaian adierazitakora egokitzen duten arau-xedapenak, eta gaur egin den Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoaren bilerara bidali dituzte xedapen horiek.

2017.urteaz geroztik, eta Konstituzio Auzitegiaren beste epai baten ondoren, hiri-lurren balio gehikuntza eragiten ez duten egoerak ez dira zergapetzen; hartara, balio-gehikuntzarik gertatu ez dela egiaztatzen bada, ez da zergapetuko, interesdunak hala eskatuta.

Orain, zerga-oinarriaren zehaztapena aldatu, eta higiezinen merkatuaren errealitatera hurbiltzen da. Onartzen da udalek lurzoruaren katastro-balioak beherantz zuzentzeko aukera izatea, eguneratze-mailaren arabera. Halaber, gehieneko koefiziente batzuk ezartzen dira, lursaila erosi zenetik igarotako urte kopuruaren arabera. Koefiziente horiek urtero eguneratuko dira, egindako salerosketek izan duten prezioaren bilakaera kontuan hartuta, betiere zergapekoari aitortzen zaion zerga-karga benetan lortutako balio gehikuntzara egokitzeko ahalmena alde batera utzi gabe.

Hartara, foru-arauak Konstituzio Auzitegiaren epaiak ezarritakora egokituko dira, eta zerga-oinarria zehazteko metodo objektiboa ez da legez onartutako metodo bakarra izango. Horrez gain, balio-gehikuntzaren zuzeneko zenbatespenak ere onartuko dira, zergapekoak hala eskatzen duen kasuetan.

Zergapekoen zein zerga likidatzen duten udalen segurtasun juridikoa babestu ondoren, Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoan ordezkatuta dauden erakundeek adostu dute erakunde arteko lan-talde tekniko bat eratzea. Talde horretan hiru erakunde-mailak egongo dira ordezkatuta, eta taldearen helburua izango da Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergaren erreforma harmonizaturako proposamen bat prestatzea, ahalmen ekonomikoaren printzipioa beteko duena eta Udalen finantza-nahikotasuna ziurtatuko duena.