Eusko Jaurlaritzak 162M€ euroko proposamena eta EH BILDUk eskatutako 6 neurri politikoetatik 4tan konpromisoak eskaintzen ditu

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazuk alternatiba bideragarri eta errealista bat eskaini dio EH Bilduri 2022ko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuari babesa emateko honek egindako proposamenaren gainean.  Horrela, Eusko Jaurlaritzak 72 M euroko eskaintza egin du koalizioak osasunean, larrialdi klimatikoan, ongizate energetikoan, gizarteratzean eta egoitzen inguruan dituen eskaerei erantzuteko, 2021ean Euskal Autonomia Erkidegoko udalentzako Jasangarritasun Energetikoaren Funtsaren 90 M euroko zenbatekoa aktibatzeaz gain; halaber, 6 neurri politikoetatik 4tan Nafarroan EH Bilduk onartutakoaren antzeko konpromisoak proposatu ditu.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, planteamendu horrek barne hartzen ditu koalizio subiranistaren babesa lortu ahal izateko oinarriak, Eusko Jaurlaritzak bere eskumenen eta aurrekontuetako egoera ekonomikoaren esparruan aurrekontuen negoziazioan benetan bere gain har ditzakeen proposamenak jasotzen baititu. “Jaurlaritza honen nahia beti izan da eta izango da Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia eta gizartea bultzatzeko aurrekontuei buruz babes zabalagoa lortzea”, adierazi du Azpiazu sailburuak.

Zehazki, Eusko Jaurlaritzak honako hau eskaini du:

PLANTEATUTAKO NEURRI EKONOMIKOEI EMANDAKO ERANTZUNA:

72 M euroko eskaintza + 2021ean Jasangarritasun Energetikoaren Funtseko 90 M euroko aktibazioa Euskal Autonomia Erkidegoko udalentzat

1) OSASUNA:

  • Osakidetzarako 30 M euro gehiago, 2022tik aurrera Lehen Mailako Arretako Estrategia ezartzen jarraitzeko eta antolamendu-aldaketak egiteko, aurrez aurreko kontsultak bermatzeko.

2) LARRIALDI KLIMATIKOA:

  • 2021eko azken hiruhilekoan, Energiaren Euskal Erakundearen eta Finantzen Euskal Institutuaren bitartez EAEko udalentzako Energia Jasangarritasunaren Funtsa aktibatzea, 90 M eurorekin.
  • Energia berriztagarriko iturriak dituzten autokontsumoari eta biltegiratzeari lotutako dirulaguntzetarako eta EEEren bidez bizitegi-sektorean sistema termiko berriztagarriak ezartzeko dirulaguntzetarako 18 M euro gehiago bideratzea.

3) ONGIZATE ENERGETIKOA:

  • 2 M euroko gehikuntza Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako, argindarraren, gasaren edo etxean erabiltzeko beste erregai motaren baten hornidurak eragindako energia-gastuetarako urteko gehieneko zenbatekoa handituz.

 

4) GIZARTERATZEA:

  • 20 M euro (10 M euro 2022an eta 10 M euro 2023an) bideratzea bazterkeria-arriskuan dauden kolektiboen eta pertsonen gizarteratzea lortzeko proiektuak bultzatzeko.

5) EGOITZAK:

  • Aldi iragankorrean zehar, adinekoentzako egoitzen ereduari buruz abian jarritako gogoeta-prozesua amaitu arte, urtean 2 milioi euroko laguntza-programa bat prestatuko da, egoitzak baldintza berrietara (ez materialak bakarrik, baita funtzionalak ere) egokitzeko proiektuak egiteko.

 

PLANTEATUTAKO NEURRI POLITIKOEI EMANDAKO ERANTZUNA

Eusko Jaurlaritzak konpromisoak hartu ditu EH Bilduk egindako 6 eskaeretatik 4tan, koalizioak Nafarroan aurrekontua onartzeko adostu dituen ia baldintza berberetan.

Aitzitik, ez da inolako proposamenik egin kooperatibak Lanbideren Administrazio Kontseiluan sartzeari dagokionez —gai hori etorkizuneko Enpleguaren Euskal Legean jorratu beharko da, eta orain alde bakarretik egiteak lan-harremanen euskal esparruarekiko errespetu eza erakusten du—, ezta ikus-entzunezkoen esparruan ere —izan ere, Jaurlaritzak EH Bilduren legez besteko proposamenaren aurkako iritzia agertu zuen, eta une honetan gai hori Eusko Legebiltzarreko taldeen esku dago, eta ez Jaurlaritzaren esku—.

1) Lanbide arteko akordioa, EAEko batez besteko soldataren % 60koa izango den Gutxieneko Soldata propioa ezartzeko.

Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartzen du, enpleguaren eta elkarrizketa sozialaren esparru guztietan, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata —Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko errentarekiko proportzionala izango dena— defendatzeko eta sustatzeko hitzarmen kolektiboetan.

2) Etxebizitzak alokatzeko prezioak mugatzeko lege propioa onartzea.

Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartzen du alokairu pribatuaren prezioak kontrolatzeko sistema bat abian jartzeko, alokairu pribatuaren prezioak arautzeko Estatuko etorkizuneko araudiak horretarako aukera ematen duenean eta Eusko Legebiltzarrak horri buruz hartutako erabakiekin bat etorriz.

3) Zerga-erreformari ekiteko txosten bat egitea.

Eusko Jaurlaritzak koherentziaz jokatuko du Eusko Legebiltzarraren 2020ko abenduko aginduarekin. Agindu horrek foru-aldundiei —Erakunde eskudunak— 2014an eta 2018an onartutako erreformen berrikuspena garatzeko eta amaitzeko eskatzen die, analisi horretan COVID-19aren ondorio ekonomikoetatik eratorritako elementuak txertatuz, adierazleak egonkortu diren eta hausnarketaren helburuetarako ondorio baliagarriak lortzea ahalbidetzen duten unean.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartzen du, Zerga Koordinaziorako Organoaren esparruan, txosten bat egiteko alokairu-prezioak ez igotzeko (pizgarri eta zigor fiskalen bidez) neurri fiskalei buruz. Txosten horretan, gainera, egungo zerga-pizgarrien azterketa eta ebaluazioa jasoko dira.

4) 2026an I+G+b arloan egingo den inbertsioa BPGd-aren % 3ra iristea lortzeko herrialde-akordioa.

Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du politika publiko horietara bideratutako aurrekontu-ehunekoa mantentzeko eta, hala badagokio, handitzeko (2022ko ekitaldian % 10), legegintzaldia amaitu baino lehen, gomendatutako BPGd-aren gaineko % 3ko ehunekoa ahalik eta azkarren lortzeko.