Eusko Jaurlaritzak indartu egin du Ivac-ekin duen lankidetza, biktimologiari eta Justizia Errestauratiboari buruzko nazioarteko bi konferentziarekin

0

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak parte hartu du gaur arratsaldean Kriminologiaren Euskal Institutuaren ikasturte akademikoaren irekiera-ekitaldian, eta “Institutuaren eta ordezkatzen dudan sailaren arteko lankidetza, bai justiziaren arloan, bai giza eskubideen arloan” nabarmendu du. Halaber, sailburuak azpimarratu du “Gazteen Justiziaren Sistemaren eta biktimekiko gainerako lankidetza-zerbitzuen IVACen azterlanak eta ebaluazioak”.

Ildo horretatik, Artolazabalek azaldu duenez, 2022rako aurrekontu orokorren proiektuan, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak “lankidetza indartzearen alde” egiten du IVACekin, “bere arlo eta era ezberdinetan”. Eta lan-ildo horretan, iragarri du datorren urterako “biktimei laguntzeko politiken azterketa sustatzea” duela helburu.

Horrela hitz egin du, zehazki, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak Donostian egingo den Munduko Biktimologia Elkartearen 17. Nazioarteko Biltzarrean izango duen parte-hartzeaz, eta Onatiko Soziologia Juridikoaren Nazioarteko Institutuak antolatutako Justizia Errestauratiboari buruzko tailerrean parte hartzeaz.

Eta, espetxe-politikari dagokionez, “birgizarteratze-programen eraginkortasuna eta Euskal Autonomia Erkidegoko errealitate kriminologiko eta biktimologikoa ebaluatzeko ikerketa berritzaileak egitea” sustatzeaz hitz egin du. Artolazabalek gogorarazi duenez, euskal espetxe-ereduaren oinarrietan aurreikusitako jarduketetako bat da “zigor eta espetxe-betearazpenari buruzko ezagutza unibertsitateekin eta ikerketa-erakundeekin koordinatuz integratzea”.

Artolazabal sailburuak esan du “aukera historiko” baten aurrean gaudela, espetxeek eta hirugarren gizarte-sektoreak dagoeneko garatzen ari ziren ekimen askotan sakontzeko. Eta nabarmendu du laguntza familiarrik eta sozialik ez duten askatasunik gabeko pertsonen arreta.

Puntu horretan, aintzatespen-hitzak izan ditu Presoei Laguntzeko Elkartearentzat hainbat programaren bidez espetxeetan dauden emakumeekin esku hartzen espezializatua. “Espetxea oso maskulinizatua dago”, esan du eta azpimarratu duenez euskal espetxeetako 1.390 presoetatik 80 emakumeak dira (56 Araban eta 24 Gipuzkoan).

“Gizonak eta emakumeak ez dira egoera berean bizi espetxeetan. Emakumeak gehiago kondenatzen dituzte presoak izateagatik, oraindik dagoen genero-eredu hegemonikoagatik eta jaso dugun sozializazioagatik”, azaldu du.

“Espetxeetan bizi diren emakume asko abusuen eta genero-indarkeriaren biktima izan dira. Uste baino gehiago dira; laguntza psikologikoa eta berariazko aholkularitza behar dituzte”, nabarmendu du sailburuak.

Azkenik, Artolazabalek ADAP zoriondu du Francisco Javier Gómez Elósegui saria jasotzeagatik, espetxeen munduarekin izan duen ibilbide eredugarria eta konpromiso luzea aitortzeko.