Urkulluk susperraldi ekonomikoa sustatzearen alde egin du, lehiakortasuna irabazteko eta kalitatezko enplegu berriak sustatzen jarraitzeko

0

Iñigo Urkullu lehendakariak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiarekin batera, amaiera eman dio Cikautxo kooperatibaren 50. urteurrenean antolatutako ekitaldiari. Bertan, susperraldi ekonomikoa sustatzearen alde egin du, baita, aurrekoetan bezala, egoera hau irakasgaiak aplikatzeko, indar berria hartzeko eta aurrera egiteko aprobetxatzearen alde ere. «Hori da erakundeen, kooperatiba edo enpresa munduaren eta gizarte osoaren helburua: lankidetza publikoa eta pribatua uztartzea lehiakortasuna irabazteko eta kalitatezko enplegu berriak sustatzen jarraitzeko«, adierazi du.

Cikautxo kautxuzko eta plastikozko osagaiak hainbat aplikaziotarako garatzen eta ekoizten aditua da. Ekoizpena, batez ere, automobilgintzari, etxetresna elektrikoei, medikutzara eta material elastomeroei zuzenduta dago. Mondragon Korporazioko kide den enpresa honek Espainian, Txekiar Errepublikan, Eslovakian, Errumanian, AEBetan, Mexikon, Txinan eta Indian du presentzia, eta, guztira, 2.500 pertsonatik gorako giza taldea du.

Berriatuko egoitza nagusiko instalazioak bisitatu ondoren, Lehendakariak hitza hartu du eta Cikautxok pertsonekin, inguruarekin eta gizartearekin duen konpromisoa nabarmendu du, baita ikerketa eta berrikuntzarekin duena ere.

Horrela, enpresa honen ezaugarri den konpromiso kooperatiboa eta talde-lana balioetsi ditu Urkulluk, hasiera-hasieratik gizartearekin, ingurunearekin eta pertsonekin inplikatu baita. Konpromiso horren ondorioz, ekarpen nabarmena egin zaie beren enpresak dauden komunitateei: zuzeneko enplegua sortuz, beste enpresa batzuetan lana sortuz eta enpresa-jarduera dibertsifikatua sustatuz.

Gainera, Iñigo Urkulluk Cikatxoren ekoizpenaren osagai teknologiko handia azpimarratu du; osagai hori CIKATEK ikerketa eta garapen zentroan ere islatzen da, bateriazko zein hidrogenozko ibilgailu elektrikoaren aldeko apustuan zentratuta dagoen zentroan. Hala, Euskadik industriaren, berrikuntzaren eta nazioartekotzearen alde egindako apustua nabarmendu du Lehendakariak. “Industria digitalizatua, teknologia aurreratuenak menderatzen dituena. Material, ekoizpen-sistema, kalitate, banaketa eta zerbitzu berrien berrikuntzarekin konprometitutako industria. Industria lehiakorra merkatu irekiago eta globalago batean”, adierazi du.

Lehendakariak, bere hitzaldian, Cikautxok ingurumenarekin duen konpromisoa ere nabarmendu nahi izan du, “horrek erakusten du gizartearekin eta ingurunearekin duzuen konpromiso handia”. Cikautxoren helburu nagusienetakoak ingurumen-babesa eta kutsaduraren prebentzioa dira, ingurumen-politikan islatzen den bezala eta erreferentzia gisa ISO 14001 Ingurumena Kudeatzeko Sistemen araua erabiliz.