Javier Hurtado sailburuak esan du datorren urtean modernizazioa bultzatuko dela euskal merkataritzarentzat, berrikuntza- eta digitalizazio-programen zenbatekoa handituta

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok amaiera eman dio Retaileko Euskal Eskolaren I. Jardunaldiari. Jardunaldi horren helburua izan da Euskadiko hiri-ekonomiako retaila eta negozioak motibatzea eta bultzatzea, beren jarduerak berritu ditzaten eta horrela lehiakorragoak izan daitezen.

Retaileko Euskal Eskola Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren proiektua da, eta erreferentzia bihurtu da Euskadiko tokiko merkataritzaren profesionalizazioan eta lehiakortasunaren hobekuntzan. Eskola honen helburuak dira Retail sektorerako prestakuntza-eskaintza integrala eskaintzea, sektoreko langileen kualifikazio-beharren eta prestakuntza-eskaintzaren arteko lotura areagotzea eta ezagutzak eta kudeaketa-tresnak modernizatzen laguntzea.

 Sailburuak adierazi duenez, ildo horretatik, hilabete baino gutxiagoan onartuko diren kontuek modernizazioa bultzatuko dute, berariaz saltokiei zuzendutako berrikuntza- eta digitalizazio-programen zenbatekoa handituta. Kontu horiek eragina izango dute merkataritzaren eraldaketa digitalean.

Sailburuak Retaileko Euskal Eskolaren prestakuntza-programaren jarduera aipatu du hurbileko merkataritza eta beste eredu batzuk bereizteko zereginean. Hurtadok adierazi du funtsezko elementuak direla giza faktorea, bere kualifikazioan, hurbiltasunean, ekimenean eta bezeroaren eta produktuaren ezagutzan. Merkataritza eraldatzeko, beharrezkoa da gaitasun profesionala eta administrazioen laguntza, jarduerarenganako erakarpena eta ekintzailetza.

 Retaileko Euskal Eskolak eskolaren kontzeptu «fisiko» gisa irakaskuntzatik haratago doan joerari erantzuten dio. Euskal merkataritzaren profesionalak, batzuetan, laguntza bat nahi izaten du, aholku zehatz bat, gai edo joera bati buruzko informazio-pilula bat, eta eguneroko betebeharrek uzten ez duten denbora apurrak bizitza osoko prestakuntza-eredu hauetara jotzera behartzen gaitu. Horixe da Retaileko Euskal Eskolak bilatzen duena.

Jardunaldiaren hasieran Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Merkataritzako zuzendaria eta Pedro Esnaola Gipuzkoako Ganberako presidentea izan dira protagonista, eta programa baten bidez berrikuntzarako tresna nagusiak, negozioetan berrikuntzak egin dituzten euskal saltokien arrakasta-kasuak, egungo testuinguru komertzialeko eredu berriak eta bezeroarenganako orientazioa negozioak berritzeko eta hobetzeko tresna indartsua izan daitekeela aztertu da.