Hezkuntza Sailak 16,9 milioi euro bideratu ditu Tolosako Orixe Institutuaren eraikin berria egiteko

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran 16.934.783,59 euroko gastua baimendu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Tolosako Orixe Bigarren Hezkuntzako Institutuaren (Orixe BHI) eraikina eraitsi eta berria eraikitzeko lanak egiteko.

Egun, Orixe BHIk elkarren ondoko bi eraikin ditu: Gorosabel eraikina eta Orixe eraikina. 1974an eraikitako bigarren eraikin hauxe eraitsiko da, eta haren lekuan jasoko du Hezkuntza Sailak –orube berean-, institutuarentzako eraikin berria. Gorosabel eraikinak berriz, zutik jarraituko du eta Batxilergoko ikasleen gelak hartuko ditu. Pasabide itxi eta estali batek lotuko ditu bi eraikinak.

Eraikin berriak L itxura hartuko du, eta bere bolumenetan argi eta garbi bereiziko dira: batetik, eraikin nagusi bat, DBHko gela arruntak hartuko dituena; eta, bestetik, erabilera komuneko espazioak (DBHrako zein Batxilergorako) hartuko dituen bigarren eraikin bat: laborategiak, liburutegia, banaketa-gelak, mintegiak edo musika gela egongo dira hemen, besteak beste. Eraikin nagusian, DBHko gela guztiak ekialdera edo mendebaldera orientatuko dira; erabilera anitzeko ikasgelek, aldiz, hegoaldeko fatxada hartuko dute. Bigarren eraikinean, gela eta laborategi guztiak hegoaldera begira egongo dira.

Espazio irekiak

DBHrako eraikin nagusiaren barruan, goiko bi solairuetan, espazio irekiak utziko dira eskailera-gunearen ondoan (lau espazio ireki, solairu bakoitzeko bi). Gune libre horiek ikasleek eskola-orduetatik kanpo erabil ditzaten, jarduera osagarriak burutzeko edo egonaldi eta harremanetarako gune gisa planteatzen dira.

Era berean, nabarmentzekoa da sarrera nagusian, anfiteatro txiki baten eran, kokatuko diren harmailak ere. Espazio hau eraikinaren -1 solairura iritsiko da, eta hainbat jarduera garatzeko aukera emango du, hala nola bilerak, hitzaldiak, proiekzioak, edo ikastetxeak bertan garatu nahi duen beste edozein jarduera.

Kanpoaldean, eraikin berrirako sarrera nagusiak aterpe zabala (412 m²) izango du atarian. Aterpe hau elementu garrantzitsua izango da espazio nagusien antolamenduan. Aterpe funtzioa eraginkortasunez betetzeaz gain, kanpoko zirkulazioak antolatzeko modu egokian kokatuko da, euri-egunetan batez ere.

Kirol pista estalia eta gimnasioa

Orubearen kotarik baxuenean – 20 metro inguruko desnibela baitu orubeak alderik altuena eta baxuenaren artean–, estalitako kirol-pista handi bat egongo da, eta baita gimnasioa eta aldagelak ere haren alboan. Pista estalia mendebaldetik irekita egongo da kanpoaldera, eta harmaila-galeria batek luzetara zeharkatuko du barrualdean. Kirol-pistaren eta gimnasioaren estalkia eraikin nagusiaren beheko solairuaren kota berean kokatuko da, eta horri esker, kirol eta jolas-patio handi bat egingo da estalki honen gainean.

Tolosako Orixe BHIren eraikin berriak izango dituen instalazio guztien artean, hauek dira nabarmentzekoak:

  • 18 gela arrunt, DBHrako
  • 2 gela erabilera anitzekoak
  • 4 banaketa-gela
  • 2 laborategi
  • Teknologia gela
  • Informatika gela
  • Musika gela
  • Plastika gela
  • Gela egonkorra
  • Liburutegia
  • Anfiteatro harmaila
  • Bilera gelak eta mintegiak
  • Jantokia, 242 m²
  • Sarrerako aterpea, 412 m²
  • Gimnasioa, 423 m²
  • Kirol pista estalia, 879 m²
  • Kanpoko kirol pista, 1124 m²
  • Kanpoko jolastokia, 408 m²

Azalera eraikia guztira: 7.468 m²

Obra hauek egiteko epea 24 hilabetekoa izango da, lanei ekiten zaienetik zenbatzen hasita. Jarduera honetarako gastua Gobernu Kontseiluan onartu ondoren, Hezkuntza Sailak Orixe BHIko egungo eraikina eraisteko eta eraikin berria eraikitzeko proiektua esleitzeko prozesuari ekingo dio, lanak 2022. urtearen erdialdean hasteko aurreikuspenarekin.