Osasun sailburuak 60 urtetik gorakoei dei egin die errefortzuko txertorako hitzordua eskatzeko

0

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuari elkarrizketa egin diote gaur goizean Radio Euskadiko «Boulevard» saioan. Bertan, 60 urtetik gorako pertsonei dei egin die errefortzu-txertorako hitzordua eskatzeko. “Espero dugu erantzuna lehen aldian bezain ona izatea», adierazi du.

Osakidetzak gaur hasiko du 60 urtetik gorakoei txertoa jartzeko zitazioa. Hirugarren dosi horretarako, sei hilabete igaro beharko dira azken txertotik, Pfizer edo Moderna jaso zuten pertsonen kasuan; eta AstraZeneca jaso zutenen kasuan, azken dositik hiru hilabetera eman ahal izango da. Sagarduik lehenbailehen txertoa hartzera animatu du kolektibo hori.

Pediatriako txertoari dagokionez, Osasun sailburuak azpimarratu du txertoa funtsezko tresna dela, eta horregatik “uste dugu funtsezkoa dela 12 urtez beherakoentzat ere, nahiz eta gaixotasunaren afekzioaren larritasuna txikiagoa izan talde honetan”. Gotzone Sagarduik aitortu du oraindik ez dakitela noiz iritsiko den txerto hori, eta zenbat dosi jasoko diren, baina ziurtatu du Euskadira iristen diren unean inokulatu egingo direla, “gure baliabide eta ahalegin guztiak jarriko ditugu ahalik eta denbora laburrenean egiteko, betiere segurtasuna bermatuz”. Osasuneko sailburuak 12 urtetik beherakoen gurasoei beren seme-alabak txerto horrekin babesteko gonbita egin die.

Egoera epidemiologikoari dagokionez, Osasun sailburuak ziurtatu du pandemiaren bilakaera «kezkagarria» dela, adierazle guztiek okerrera egin baitute. Osasun-larrialdiaren deklarazioari buruz galdetuta, esan du adierazle guztiak hartu behar direla kontuan, ez soilik ZIUren okupazioarena. Sagarduik adierazi duenez, gaurko buletinean 600 kasu positibo inguru izango dira, eta ospitaleetan 200 pertsona baino gehiago daude covid-19arekin, horietatik 40 inguru zainketa intentsiboetako unitateetan. “Nahikoa seinale dira gure esku dagoen guztia jartzeko eta birus honi aurre egiten saiatzeko, orain”, azpimarratu du.

Hego Afrikan atzemandako eta mutazio ugari dituen Omicron koronabirusaren aldaera berriari buruz galdetuta, Euskadin sekuentziazioak egiten jarraitzen dutela esan du, eta, OMEk kezka-aldaera gisa izendatu zuenetik, osasun-arduradunak «erne» daudela. Bien bitartean, gogorarazi du horri eta gainerako mutazioei aurre egiteko neurriak berdinak direla: maskara, eskuen higienea, espazio itxien aireztapena eta pilaketak saihestea.