Lan eta Enplegu Sailak, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez, 3,3 milioi euro kudeatuko ditu datorren urtean, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren Europako funtsetatik (MRR), langileen eta langabeen kualifikaziorako eta birkualifikaziorako.
Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratze sailburuordeak Kualifikazioen eta Enplegurako Lanbide Heziketaren Sistemaren Konferentzia Sektorialean parte hartu du gaur, Pilar Alegría Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ministroa buru zela. Bertan, helburu horretarako Espainiari esleitu zaizkion 87,7 milioi euroak banatu zaizkie autonomia-erkidegoei.
Zehazki, despopulazio-irizpideei, sektore estrategikoei eta pertsonen zaintzari jarraiki, Euskadik 3,28 milioi euro jasoko ditu, eta horiekin biztanleria aktiboaren kualifikazio- eta birkualifikazio-ekintza espezifikoak abiarazi beharko ditu, bai langileen kasuan, bai langabeen kasuan.
Jarduerak 2022ko abenduaren 31ra arte egin beharko dira, zenbait baldintza betez: esate baterako, lehentasuna eman beharko diote sortzen ari diren gaitasunei buruzko prestakuntzari, azkar eboluzionatuko direnei eta enpleguaren sorreran aurrera egingo dutenei, eta sektore estrategiko hauetara bideratuko dira: teknologia berriak, makina-erreminta eta robotika, ekipo aeronautikoak, trenbide-garraio modernoko ekipoak, nekazaritzako makineria, biofarmazia eta produktu mediko aurreratuak, turismoa eta ostalaritza-zerbitzuak.
Era berean, prestakuntza-ekintzek kontuan hartu beharko dituzte aldi baterako enplegu-erregulazioko egoeran dauden pertsona gehien dituzten sektoreak. Euskadin Lanbideren bidez emango diren programa horiek 30 eta 60 ordu bitarteko iraupena izan beharko dute.
Ekintza horiek bat datoz Enpleguaren Euskal Estrategiarekin (EEE) eta lantzen ari den Euskal Enplegu Sistemaren Legearekin, adierazten dute beharrezkoa dela prestakuntza-eredu koordinatuetarantz aurrera egitea, lan-merkatuaren premiekin eta eskaerekin koordinatuta, eta, era berean, trebetasun eta gaitasun profesionalak eguneratzea, aldaketetara egokitu ahal izateko.